Santio festak ate joka dituzte Aiako eta Zestoako auzoetan

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 21a

Santio Erreka auzoan bihar hasiko dituzte festak, eta Arroagoian, igandean. Santanak ere ospatuko dituzte Zestoako auzoan, eta asteazkenera arte luzatuko dituzte jaiak

2016ko Santio Eguneko herri-kirol jaialdia. (Aiora Larrañaga) Uda sasoiko festak iristeko zain dira Aiako Santio Erreka eta Zestoako Arroagoia auzoetan. Santioak ospatuko dituzte asteburutik aurrera, eta beste urte batez, umeentzako ekitaldiek, ekitaldi erlijiosoek, jan-edan saioek, musika emanaldiek eta herri kirolek hartuko dute protagonismorik handiena. Arroagoian, gainera, Santana jaiekin batera luzatuko dituzte ospakizunak. Aiako Santio Erreka auzoan bihar hasiko dituzte santioak, eta aurten mus txapelketarekin ekingo diete festei. 16:30ean hasiko da txapelketa, eta parte hartzaileek ordu erdi lehenago eman beharko dute izena. Horrez gain, ohiko ekitaldiek hartuko dute egitaraua. Beste urte batez, bertso saioa egingo dute festetan, eta aurtengoan Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus eta Sustrai Colina izango dira oholtza gainean. Gai jartzaile lanetan, berriz, Aritz Larrume arituko da. Hurrengo eguna, Santio Eguna, mezarekin hasiko dute auzotarrek, eta ondoren, ohi bezala, herri kirol erakustaldia egingo dute. Zestoako Arroagoian, berriz, igandean hasiko dituzte santioak eta santanak. Asteazkenera arte ez dute etenik izango jaiek, orduan ospatuko baitute Santa Ana Eguna. Suziriarekin hasiko dituzte festak, eta egun osoko ekitaldiak izango dituzte, haur, gazte eta helduei zuzenduta. Aurten bi berrikuntza izango dituzte, eta biak eguerdian izango dira: batetik, eguerdian jokatuko duten bizikleta proba, eta bestea, arratsaldeko apar festa; urteroko mozorro egunaren barruan antolatu azken ekitaldi hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide