Zestoako errepidea berritzeko lanak abuztuaren 11n bukatzea aurreikusten du aldundiak

Zestoako Hitza 2017ko uztailaren 14a

Errepidea berritzeko lanak egiten ari da aldundia Arroako A-8 autobiderako sarreraren eta Zestoako Bainuetxearen artean. Aldundiak dio egun eta ordu jakin batzuez aparte, ez dela "ilara handirik" sortu. Herritar ugari kexatu da, ilara ikaragarriak sortu direlako.

https://www.youtube.com/watch?v=zKzGqtFKZsI Egunotan auto ilara luzeak sortu dira Azpeitia eta Zestoa arteko GI-631 errepidean. Izan ere, errepidea berritzeko lanak egiten ari da aldundia Arroako A-8 autobiderako sarreraren eta Zestoako Bainuetxearen artean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Saila zorua aldatzeko lanak egiten ari denez, trafikoa txandaka bideratu dute egunotan. Horrek eragin ditu ilarak, eta herritar ugarik agertu du kexa. Aldundiak Urola Kostako Hitzari jakinarazi dionez, prebentzio lanak ari dira egiten. "Lurzorua aztertu dugu, eta ikusi dugu ez dagoela guztiz hondatuta. Halere, uste dugu komenigarria dela lurzoruaren gainaldeko geruza berritzea, segurtasuna eta erregultasuna bermatzeko". Guztira, GI-631 errepideko 4,9 kilometrotan egingo dituzte lanak. Lanak abuztuaren 11rako amaitzea aurreikusten du aldundiak, baina azaldu du eguraldiak eragin dezakeela lanak bukatzeko datan. Horrez gain, esan du kilometro bat baino gutxiagoko errepide mozketak ari direla egiten, trafikoari "ahalik eta gutxien" eragiteko. Halaber, herritarren kexen jakitun, diputazioak esan du trafiko arazo handienak arratsaldeko azken orduetan sortu direla, batez ere, "eguraldi ona egin duen egunetan jendea hondartzara joan delako". Horrez gain, esan du errepidea garbitzeko eta konpontzeko lanak egin dituztela aste honetan, eta arratsaldeetan "behar baino gehiago" luzatu direla lanak. Egun eta ordu horiez aparte, aldundiak dio ez dela auto "ilara handirik" izan. Horregatik, lan jarduna aldatzeko asmorik ez duela esan du. Lanak tarteko, erakundeak gomendatu du GI-2634 errepidetik, Azkarateko mendatetik, sartzea AP-8 autobidera eta N-634 errepidera. Lanen aurrekontua 728.000 eurokoa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide