Fernando Anza donostiarrak irabazi du Zestoako IV. Argazki Rallya, eta bilduma onenaren egileak garaikurra eta 100 euroko diru saria jasoko ditu. Bigarren egin du Imanol Manterola zumaiarrak, eta hark garaikurra eta 75 euro eskuratuko ditu. Hirugarren bilduma onenaren egileak, Pilar Aguayo donostiarrak, garaikurra eta 60 euro irabazi ditu. Herriko lehen sailkatua, berriz, Manu Izeta izan da, eta garaikurra eta 60 euro jasoko ditu. Bestalde, gaztetxoen mailako irabazlea Eider Iparragirre lasartearra izan da. Hain zuzen ere, F11 argazki elkarteak bihar, ostirala, 19:00etan banatuko ditu rallyari dagozkion sariak, udaletxe azpian.
Joan zen ekainaren 25ean egin zuten F11 argazki elkarteak antolatutako rallya, eta
38 lagunek parte hartu zuten; 31 helduk eta zazpi gaztetxok, hain zuzen. Honako gai hauei lotutako irudiak egin behar izan zituzten argazkilariek: kalea, mugimendua, naturak egina, oreka eta bolumena.
Saritutako argazkiak F11 argazki elkartean esku geldituko dira, eta elkarteko kideek azaldu dutenez, rallyko argazki guztiekin erakusketa bat jartzeko asmoa dute.