Azpeitiko Lanbideren bulegoa. (Hitza)
Urtea hasi zenetik behera egin du eskualdeko batez besteko langabezia tasak. Hain zuzen ere, urtarrilean %10,6 zen Urola Erdiko langabezia tasa, eta ekaineko datuekin (%9,6) alderatuz gero, puntu bat jaitsi da.
Urtarriletik ekainera, oro har, herri guztietan egin du behera langabezia tasak. Lanbidek urteko lehen sehilekoa bukatutakoan kaleratu dituen datuen arabera, baina, Beizaman 1,3 puntu igo da tasa –urtarrilean baino 2 langabetu gehiago–. Aldiz, gainerako herri guztietan behera egin du. Puntu gehien jaitsi den herria Azpeitia da; izan ere, joan zen urtarriletik ekainera 1,5 puntu jaitsi da langabezia tasa. Urtarrilean %10,4 zen herri horretako tasa, eta, ekainean, %8,9. Urtarrilean 734 lagun ziren langabe Azpeitian, eta ekainean 630 herritar.
Eskualdeko langabezia tasa Gipuzkoakoaren azpitik dago, %10,3 baita lurraldeko tasa. Gainera, Urola Erdiko ia herri guztietako tasa Gipuzkoakoa baino baxuagoa da: Azkoitia, %10,3; Azpeitia, %8,9; Beizama, %9,8; Errezil, %7,2; eta Zestoa, %10. Azkoitiko tasa Gipuzkoakoaren parekoa da (%10,3), eta Aizarnazabal da salbuespena, %13,4 baita herri horretako tasa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoa baino bi puntu baxuagoa da Urola Erdiko langabezia indizea; EAEko tasa %12,6 izan da ekainean.