Zestoako IV. Argazki Rallya izango da bihar, eta izen-ematea zabalik da oraindik ere

Zestoako Hitza 2017ko ekainaren 24a

Oraindik ere eman daiteke saiorako izena zestoa.argazki@gmail.com helbidera idatzita. Bihar ere inskribatzeko aukera izango du nahi duenak 09:00etatik 09:30era bitartean Zestoako Gurutze jubilatuen elkartearen tabernan. Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da. Uztailean jakinaraziko dute zein argazki diren saridunak, eta hainbat oroigarri eta diru sari banatuko dituzte.

Argazki Rallyaren IV. edizioa izango da bihar Zestoan, F11 argazki elkarteak antolatuta. Oraindik ere eman daiteke saiorako izena zestoa.argazki@gmail.com helbidera idatzita. Bihar ere inskribatzeko aukera izango du nahi duenak 09:00etatik 09:30era bitartean Zestoako Gurutze jubilatuen elkartearen tabernan. Izen-ematea bost euro ordaindu beharko da. Parte-hartzaileek memoria txartel huts bat eraman beharko dute, eta argazki oro Zestoan atera beharko dute zuri-beltzean edo koloretan, eta JPG formatuan. Antolatzaileek bost gai proposatuko dituzte rallyrako, eta bihar bertan jakinaraziko dituzte horiek. Rallya 13:00etan bukatuko da Gurutze tabernan, eta argazkiak antolatzaileen ordenagailuetan deskargatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Gehienez, 36 argazki aurkeztu ahal izango dituzte txapelketara. Parte-hartzaile bakoitzak gai bakoitzari lotutako argazki bana bidali beharko du uztailaren 5a baino lehen zestoa.argazki@gmail.com helbidera, eta irudiak manipulatu gabe aurkeztu beharko dituzte. Epaimahaiak uztailean jakinaraziko ditu argazki sarituen egileen izenak, eta honako sari hauek banatuko dituzte: bilduma onenaren egileak garaikurra eta 100 euro jasoko ditu; bigarren bilduma onenaren egileak, garaikurra eta 75 euro; hirugarren onenaren egileak, garaikurra eta 60 euro; eta herriko lehen sailkatuak garaikurra eta 60 euro. Saritutako argazkiak F11 argazki elkartean esku geldituko dira, eta elkarteko kideek azaldu dutenez, rallyko argazki guztiekin erakusketa bat jartzeko asmoa dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide