Jon Agirre: "Selekzioari laguntzea izango da nire egitekoa Sorian"

Mailo Oiarzabal 2017ko eka. 23a, 11:06

Aurreneko aldiz parte hartuko du Espainiako Txirrindularitza Txapelketan Arroabekoak. Bihar izango da Sorian (Gaztela Leon, Espainia), Elite eta 23 urtez azpikoen errepideko lasterketan.

Jon Agirre. (Jira-Bira Cycling) Jon Agirrek (Arroabea, Zestoa, 1997) aurreneko aldiz parte hartuko du Espainiako Txirrindularitza Txapelketan. Bihar izango da Sorian (Gaztela Leon, Espainia), Elite eta 23 urtez azpikoen errepideko lasterketan. Euskadiko selekzioarekin ariko da Agirre. Jira-Bira Cycling Zarauzko klubeko Grupo Eulen taldean bigarren denboraldia ari da osatzen. Zer esperantzarekin zoaz Soriara? Disfrutatzeko asmoarekin noa. Aurreneko aldia izango dut Espainiako txapelketa batean; aurrez inoiz ez dut parte hartu izan, ez afizionatuetan eta ez beste mailetan. Ahal dudan neurrian, selekzioari laguntzea izango da nire egitekoa. Jende ona daukagu taldean, ea emaitza polit bat lortzen dugun. Espero al zenuen selekziorako hautatua izatea? Berez, ez. Zorte txarrarekin ibili naiz. Otsailean, denboraldia hasi berritan, tendinitisa izan nuen belaunean. Sendatu eta berriro lehiatzen hasi nintzenean, bigarren lasterketan erori eta lepauztaia hautsi nuen. Ebakuntza egin eta zortzi egunera itzuli nintzen lehiaketetara, eta harrezkero ez dut beste gorabeherarik izan. Urrakiko Igoeran zazpigarren sailkatu nintzen, eta Bidasoako Itzulian aurreneko gipuzkoarra izan nintzen sailkapen nagusian. Baina ez nuen espero selekziora joatea. Aukera polita da, eta joateko gogoz nago. Grupo Euleneko lau zineten joatekoak, baina hiru izango zarete azkenean. Bai, Gorka Etxabe ez da joango azkenean, birusen bat baitauka. Oier Ibarguren azpeitiarra, IƱigo Altuna lasartearra eta ni izango gara taldean. Guztira, bederatzi-hamar txirrindulari gara selekzioan. Prestaketa berezirik egin al duzu txapelketarako? Ez, beste lasterketa bat bezala prestatu dut. Ez dugu selekzioarekin entrenamendurik egin. Atzo iritsi ginen Soriara, eta egun hauek aprobetxatuko ditugu elkarrekin ibiltzeko. Ibilbidea ezagutzen al duzu? Inguru hartan lasterketaren bat egina al zara? Ez, ez nuen ezagutzen. Atzo izan genuen lehen kontaktua. Lasterketaren hasieran pare bat mendate daude, eta gero zirkuitu antzeko batean ibiliko gara. Helmuga hiriburuan bertan egongo dela uste dut. Dakizunaren arabera, ondo egokitzen al da ibilbidea zure ezaugarrietara? Normalean, aldapan gora moldatzen naiz ni ondo, eta horrelako asko ez da egongo. Bukaeran pendiz txikiren bat badagoela uste dut. Ahal duguna egiten saiatuko gara. Selekzioan, Mikel Alonsorentzat aukera polita izan daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide