Ibilgailu klasikoen bilgune izango da Zestoa asteburuan

Zestoako Hitza 2017ko ekainaren 22a

Ostiralean 20:00etan eta igandean 14:30etik 17:00etara 29 auto klasiko ikusgai egongo dira Laranjadi plazan.

Ibilgailu klasiko bat, 1915eko argazki batean. (Zestoako Udala) Ibilgailu klasikoen erakusketa egingo dute bihar eta igandean Zestoako Laranjadi plazan, asteburuan Bainuetxean elkartuko diren autozaleen eskutik. Bihar, 20:00etatik aurrera, eta igandean 14:30etik 17:00etara izango da 29 ibilgailu klasiko ikusteko aukera. Aurreko urteetan Zestoako Udalak antolatu izan duen erakusketaren lekukoa hartuta, autozaleak dira aurtengo topaketa antolatu dutenak. Bihar eguerdian iritsiko dira Bainuetxera eta han hartuko dute ostatu asteburu osorako. Ipar Euskal Herrikoak eta Frantziakoak dira topaketan parte hartuko duten guztiak. Zestoan egingo dituzten bi erakusketak ez ezik, Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaiko kostaldean barrena ibiliko dira ibilgailu klasikoak eta beren jabeak asteburuan. Legazpiko Mirandaola, Leitza, Astigarraga, Zarautz eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatuko dituzte, besteak beste, ostiraletik igandera bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide