Zestoako herritar talde batek deituta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean herriko plazan, 20:00etan,
Zerbitzu publikoen alde, lanpostu duinen defentsan. Pribatizaziorik ez lemarekin. Udalak herriko argiteria publikoaren kudeaketan egin asmo dituen aldaketak daude elkarretaratzearen oinarrian. "Zestoako Udala herriko argiteria publikoaren kudeaketa enpresa pribatu bati emateko pausoak ematen hasi" dela salatu nahi dute bilkuraren deitzaileek: EH Bilduk ere salatu zituen udal gobernuaren asmoak ekain hasieran,
Argiteria publikoaren pribatizaziorik ez! gutunean.
Ostiraleko elkarretaratzea deitu duten herritarrek, berriz, honako idatzia plazaratu dute:
"Zestoako Udala herriko argiteria publikoaren kudeaketa enpresa pribatu bati emateko pausuak ematen hasi da. Orain arte, Udal Brigadako kideek egiten zuten lan hau, kalean dagoen argiteriaren beharrezko mantenua egin eta aldatu beharrekoak aldatu. Ez da inoiz inolako arazorik egon zerbitzu honen inguruan. Orain, LED argia jarri nahi du Zestoako Udalak eta erabaki ona iruditzen zaigu berau, kontsumo txikiagoa duelako eta horrek dirua aurreztea ekarriko duelako, besteak beste. Aldaketa honen aitzakian kudeaketa Udal Brigadako langileei kendu eta pribatizatzeari, ordea, ez diogu zentzurik ikusten. Zestoako langileak, orain arte erakutsi duten bezala, sobera adituak dira horrelako lan bat egiteko, Horren adibide, Azpeitiko brigada bera momentu hauetan egiten ari da aldaketa hau inolako arazorik gabe.
Gainera, 10 urterako mantenu kontratua egin nahi da enpresa pribatu honekin, Zestoako Udala enpresa pribatu baten menpe hipotekatuz. LED argiak jartzeak, esan bezala, dirua aurreztea suposatuko dio Zestoako Udalari, baina hor lortuko litzatekeen irabazi hori Zestoako herriarentzat izan beharrean, esku pribatuetan geratuko da. Beste behin ere, pribatizazio kasu berri bat EAJren eskutik.
Hori dela eta, pribatizazio saiakera honen aurrean, Udal Gobernuari atzera egin eta herritarron onurari erreparatzea eskatzen diogu. Argiteria zerbitzuaren kudeaketa publiko eta mantenu lanpostuak duinak izaten jarrai dezatela eskatzen dugu.
Horretarako, herritar talde batek zestoar oro deitzen dugu ostiralean, ekainak 23, 20:00etan herriko plazan egingo den kontzentraziora.
Zerbitzu publikoen alde, lanpostu duinen defentsan. Pribatizaziorik ez lemapean egingo da konzentrazio hau".