Aurtengo Ekainfest egunaren aurkezpena. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Historiaurrera egingo dute jauzi larunbatean, eta Ekaingo haitzuloetan duela 14.000 urte bizi izan zirenenen errealitatea bertatik bertara ezagutzeko asmoz, VIII. Ekainfest eguna ospatuko dute. Denboran atzera egin, eta arbasoen bizimodua gertutik ezagutzeko helburuarekin, egun osoko egitarau zabala antolatu dute, bi guneetan banatuta. Alde batetik, Ekainberrin eta Sastarrain bailaran izango dira hainbat hitzordu egunean zehar, eta, beste aldetik, Zestoako herrigunean ere hainbat ekitaldi izango dira. Historiaurreko jarduerak, pottokekin jokoak eta Irrien Lagunen ikuskizuna izango dira, besteak beste. Era berean, Ekaingo koban bizi zirenek sua nola egiten zuten, ehiza egiteko teknikak, orduko janzkera eta artea bertatik bertara ikusteko abagunea eskainiko du jaiak.
Hainbat berrikuntza
Gaur aurkeztu dute Ekainfesteko egitaraua Zestoako bainuetxean, eta agerraldian hartu dute parte, besteak beste, Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek eta Ekainberriko kudeatzaile Juanjo Aranburuk. Zortzigarrenez antolatuko dute Ekain Fest, eta 'Bizi prehistoriaren xarma' lelopean, herriko "ondare historiko eta kulturala" ezagutzera ematea eta "ondare hori herri gunera erakartzea" ditu helburu jaiak, Mendizabalek adierazi duenez. Era berean, gaineratu du herriko merkatariak, tabernariak eta jatetxeak "sustatu" nahi dituztela larunbateko jaiarekin, "izan ere, nolabait esateko, Ekainfest Zestoako ate irekien eguna da"
.
Egun osorako egitarau zabala antolatu dute, eta Aranburuk aurreratu duenez, hainbat berrikuntza izango dira aurtengoan. "Batetik, herri gunetik Ekaingo kobara joan-etorrian ibiliko den txu txu tren turistikoa izango da doan, egun guztian". Bailara ezagutzeko trenean txangoa egitea "aukera polita" dela gaineratu du Ekainberriko kudeatzaileak. Horrez gain, aipatu du larunbatean Ekainberriko erreplika eta Lili Jauregia doan bisitatu ahalko direla. Erreplika zein jauregia ezagutzeko nahiz trenean ibiltzeko aurrez izena ematea ez da beharrezkoa. Bestalde, Aranburuk jakitera eman duenez, "historiaurrea gaiarekin lotuta" herriko hainbat tabernetan pintxo tourra egingo da, eta jatetxeek, berriz, menu bereziak prestatuko dituzte. Mollergi tabernak, adibidez, txerri gutizia prestatuko du sagarraren gainean, Ekain saltsarekin. Uztapidek, berriz, hanburgesa, foierekin eta perretxiko saltsarekin. Txokok olagarro zopa eta olagarroa tomatearekin aurkeztuko ditu; Koiotek basurdea saltsan; Agustinek pintxo ibiltaria eta Fatik idiaren buztana saltsan berduratxoekin. Sastarrain baserri eskolan, berriz, helduentzat zein haurrentzat Ekainfest menuak eskainiko dituzte. Ekainfesteko beste aldaketa da historiaurreko olinpiadak ez direla herri gunean egingo, Ekainberri inguruko zelaian, baizik. Kudeatzailearen esanetan, olinpiadetan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez izena ematea; egunean bertan hara azaltzea nahikoa izango da.
"Indarra hartzen doan festa"
Urtetik urtera, Ekainfest antolatzeko lanean diharduten sustatzaileak ere ugalduz doaz. Hala, Zestoako Udalaz gain, egun osoko egitaraua antolatzeko laguntzen aritu dira Ekainberri, Sastarrain Baserri Eskola, Zestoako merkatari elkartea, tabernariak, jatetxeak eta bainuetxea. Aurreko urteetako Ekainfesten inguruko balorazioaz galdetuta, Mendizabalek adierazi du "nahiko balorazio txukuna" egiten dutela. Zestoako alkateak gaineratu du beraien "helburua" ez dela "festa masiboa" izatea. "Urte hauetan guztietan formula desberdinak erabiltzen saiatu gara, edukien ordutegiak aldatuz eta abar, eta esango nuke festa indarra hartzen doala. Herritarrez gain, kanpotik datozen familiek eta bainuetxean daudenek ere hartzen dute parte Ekainfesten".
Egitaraua:
Larunbata, ekainak 17
Ekainberrin eta Sastarrain bailaran
11:00-19:00. Historiaurreko jarduerak: Ekainberriko erreplikara eta Lili Jauregira bisitak doan. Ekainberriko historiaurreko kanpamendua eta bizirauteko erabiltzen zituzten teknikak ezagutzeko aukera izango da: sua egiten eta arte labarra sortzen irakatsiko dute, besteak beste. Horiez gain, Sastarrain Baserri Eskolako zalditegiko pottokekin tailerrak eta jokoak egingo dituzte.
12:00-14:00/16:00-18:00. Aritza Villalonga komisarioaren eskutik Ekainberrin dagoen 'Hartzak Gipuzkoan' erakusketa ezagutzeko aukera izango da.
16:00. Ekainberriko IV. historiaurreko olinpiadak. Parte hartzaileek hainbat froga egin beharko dituzte: ehiza zirkuitua, sua egitea eta margolanak marraztea. Lehen hiru irabazleri urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatuko dizkiete. Oroigarriez gain, podiuma egiten duten hirurei Zestoako tabernetan afaria eta bainuetxean zirkuitu bana emango zaie.
Zestoako herrigunean
Egun guztian. Ekainfest tren turistikoa; txu-txu trena, doan.
Ekainfest Pintxo Tourra herriko tabernetan, eta eguerdian Ekainfest menu bereziak herriko jatetxeetan.
18:30. Irrien Lagunen 'Zatoz jolastera' ikuskizuna. Historiaurrera egokitutako ikuskizunean Marikalanbre eta Largabista jolas egiteko gogoz daude, baina bildu diren lekuan ez dago parkerik, ez jostailurik... Irudimena dantzan jarrita eta publikoaren laguntzarekin, jolasteko mila modu daudela irakatsiko dute Marikalanbrek eta Largabistak.
20:00. Arkumea burruntzian erreta eta zestuko trikitilariak.