Ohiko batzar nagusia egin du gaur Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoan, eta bertan bildutako ia ehun alkate eta zinegotziek bi herri berri onartu dituzte udal elkartean: Igorre eta Gabiria. Bi herri horiek sartuta, guztira 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute Uemako kide diren 84 herrien artean. Urola Kostan, 11 herrietatik bederatzi dira udal elkarteko kide: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.
Agintaldi honen hasieran 72 udal ziren Uemakoko kide –Ezkio eta Itsaso banandu egin dira ordudanik–. Azken bi urteotan, berriz, 11 herri gehiagok erabaki dute Uemako kide izatea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Errezil eta gaur sartu diren Gabiria eta Igorre.
Hainbat egitasmo esku artean
Uemako lehendakari Josu Labakak eta Uemako koordinatzaile Miren Segurolak batzarrean bildutakoen aurrean nabarmendu duten moduan, urte honetako plangintzaren barruan, hainbat egitasmo ditu esku artean Uemak, ohiko lan ildoen baitan. Erabilera planez eta udalak euskalduntzeko ohiko lanez gain, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko tailer eta ekimen berriak abiarazi ditu Uemak azken urteotan, eta horien ingurukoak zertan dira azaldu du koordinatzaileak.
Beste askoren artean, herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko sortutako tailerren berri eman du. Aurten berritu eta eguneratu den
UEMAren zerbitzuen katalogoak biltzen ditu horiek guztiak. Uemakoko herri gehienetako eta horiez gain Tolosaldeko beste 13 herritako hizkuntzaren kale erabilera neurketak ere abian direla eta irailean horien guztien berri emango dutela ere jakinarazi du Segurolak.
Hezkuntza proiektuari dagokionez, euskararen arnasguneei eta hizkuntza ekologiari buruzko hezkuntza proiektua eskoletatik kanpo ere osatu nahi duen hezkunza ez-arauturako proposamena ere aurkeztu dute: urrian izango diren eta udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen topaketak.
Azkenik, Uemako herrietako euskara teknikariek proposatuta abiarazi duten turismoari buruzko lanketa berezia ere aipatu dute, turismoak hizkuntzan duen eraginaren inguruan hausnartzeko eta udalerri euskaldunen hizkuntza egoera ezagutarazteko. Zehazki, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzea hizkuntza, kultura eta nortasuna sendotzeko eta erakusteko giltzarria dela nabarmendu du Uemaren koordinatzaileak. Horren harira, hurrengo asteotan Uemak kanpaina berezia abiaraziko du, udalerri euskaldunetara datozten turistei eta bisitariei lurraldeko "ondare nagusia" euskara dela erakusteko,
Euskara da gure postalik ederrena lemapean.
Hona hemen gaurko batzarreko irudiak:
(Argazkiak: Uema)