[caption id="attachment_321504" align="aligncenter" width="300"]

(Danbolin.eus)[/caption]
Hirugarren urtez jarraian, Zestoako eta Arroabeko ikastetxeetako ikasleek Zestoa Ikertzen programa didaktikoa landu dute. Egitasmo hori udalaren eta Ekainberriren lankidetzarekin garatu da.
Zestoa kokatzen den inguruan betidanik jendea bizi izan da, aztarna arkeologikoek adierazten duten moduan duela gutxienez 300.000 mila urtetatik gaurdaino. “Aztarna horiek aukera paregabea dira garai ezberdinetako zestoarren bizimodua ezagutzeko, material arkeologiko ugari utzi dizkigutelako, eta hauetako batzuk mundu osoan paregabeak direlako” adierazi dute Ekainberriko kideek.
Zestoako eta Arroabeko herri ikastetxeetako ikasleak herriko ondare historiko, kultural, artistikoaren ezagun izatea nahi du programa didaktiko horrek. Bi ikasturtetan zehar landuko den programa didaktikoa da Zestoa Ikertuz, 11 urterekin hasi eta 12rekin amaituko dena. Helburua gaztetxoak Zestoako historiaren eta nortasunaren gordailu, erabiltzaile eta igorle bihurtzea da.
Ikasturtean zehar, LH 5 eta LH 6ko ikasleek hartu dute parte programa horretan, 11 eta 12 urte bitartekoak, Ekainberriko hezitzailearen laguntzaz, Gizateriaren Ondare den Ekaingo haitzuloko labar artea eta horren testuingurua aztertu dituzte. Maiatzean zehar ikasle horiek Ekainberrira hurbildu ziren labar margoak aztertu eta duela 13.000-14.000 urteko gizakien bizimodua ezagutzera. Guztira, Lehen Hezkuntzako 3. zikloko 132 ikaslek hartu dute parte egitasmoan.
Gaztetxoagoek ere denboran jauzia egin dute, baina kasu horretan, garai berrixeagoetara, Erdi Arora eta Aro Modernora, Zestoako hiribildua sortu zen garaitik XVIII. mendera arteko bidaia egin dute, Lili Jauregia ardatz moduan hartuta. Zestoako herri ikastetxeko LHko 2. zikloko 66 ikaslek hartu du parte, baita Arroabeko herri eskolako beste 14 ikaslek ere, 8 urtetik 10 urtera bitarteko ikasleak izan dira parte hartzaileak.