Arroabeko Eskola Txikien Jaiarako 50 boluntario behar dituzte

Zestoako Hitza 2017ko maiatzaren 21a

Ekainaren 11n laguntzeko prest dagoenak izena eman behar du aurrez. Joan den larunbatean hezkuntzari buruzko jardunaldia egin zuten.

Leo Pahkinek hitzaldia eman zuen joan den larunbatean Arroabean. (Kepa Iribar) Ostiralean Eskola Txikien Jaia antolatzeko herri batzarra egin zuten Arroabean, eta "pozik" agertu da Sakulupe guraso elkartea bilerak emandakoarekin. Hiru aste falta dira egun handirako –ekainaren 11an ospatuko dute Eskola Txikien Jaia–, eta antolatzaileek diotenez, jendearen "indarra" somatzen dute, nahiz eta "azken bultzada" falta den. 70 bat lagun bildu ziren ostiraleko herri batzarrean. Gurasoak, auzotarrak... elkartu ziren, eta baita festa egunean laguntzeko prestutasuna agertu duen Oikiako talde bat ere. Ekainaren 11rako boluntario "asko" dagoen arren, oraindik 50 bat lagun falta direla jakinarazi dute. Lagundu nahi duenak izena eman behar du, honako leku hauetakoren batean: eskolako taulan, Ainhara ile apaindegian, edo Txomin Tabernan. Posta elektronikoz ere egin daiteke, koordinazioa2017@gmail.com helbidean. Horrez gain, festa egunean auzotarrek etxetik patata tortillak eta bizkotxoak eramatea eskatu dute, eta horiek egingo dituztenek ere lan zerrendan izena ematea komeni da. Hezkuntzari buruzko jardunaldia Bestalde, joan den larunbatean, hezkuntzari buruzko jardunaldia egin zuten, Eskola Txikien Festaren inguruan antolatzen den zazpigarrena. Eskola txikietako gurasoei zuzenduriko ekimena izan zen, eta, bertan, Finlandiako Gobernuko hezkuntza mailako ordezkari batekin partekatu zuten esperientzia, Leo Pahkinekin, Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko kidearekin. Hark hitzaldia eskaini zuen Finlandiako hezkuntza sistema eta eskola txikiak: adin aniztasuna eta proiektutako lana izenburupean. Joseba Ossak itzuli zituen Pahkinekinen hitzak suomieratik euskarara. Ondoren, talde dinamikan adin aniztasunari buruz solasean aritu ziren. Antolatzaileen esanetan, ekintza "erabat arrakastatsua" izan zen. Gipuzkoa guztitik Arroara etorritako 60 lagunek hartu zuten parte bertan, eta "oso gustura" amaitu zuten. "Bai hitzaldia eta bai talde solasa luzatzeko gogoz geratu ziren parte hartzaileak, hamaiketakoa bera ere di-da batean egin zuten denbora irabazteagatik", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide