Txiki Agirre 'Keixeta': "Aurrean ditudan elementuek ematen dizkidate aginduak"

Zestoako Hitza 2017ko maiatzaren 20a

Eskultura eta pintura elkarreragin zuzena duten bi diziplina dira Keixetaren lanean. Azken 6-8 hilabeteetako lanak bildu, eta erakusketa jarri du Donostiako Ekain galerian.

Txiki Agirre 'Keixeta'. (Aritz Mutiozabal) Ia sistematikoki ekiten dio sortze prozesuari Txiki Agirre Keixeta (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa, 1963) margolari eta eskultoreak, zuria lehenbailehen estaliz, pinturaren kasuan. Estaltzen duen horrek, ondoren, elementu berriak sortzera darama, edo elementu abstraktuak figuratibo bihurtzera, Donostiako Ekain galerian jarri dituen koadroetan egin bezala. Urteetan utzia izan duen diziplina artistikoa, zeramika, berriz hartu du, eta, koadroez gain, zeramikazko hainbat piezak ere osatzen dute erakusketa. Ekainaren 24ra arte izango da ikusgai. Egindako lana estudiotik atera eta jendaurrean aurkezteko gogoa zenuen? Bai. Gainera, Donostian, zehazki, bost urte neramatzan ezer erakutsi gabe. Kontua izan da aukeratzea zer erakutsi. Bi urte pasatu dira inon ezer era indibidualean erakutsi gabe; beraz, bi urte horietan egindako lanen artean aukeratu behar nuen. Erabaki dut azken 6-8 hilabeteetako obrak ekartzea. Obrek euren artean koherentzia izan zezaten saiatu zara? Nire kasuan, beti izaten dut arazo hori, orain egindakoak aurrez egindakoarekin duen koherentzia falta. Koherentzia denborarekin lortzen dut. Azken hilabeteetan egindako obrek badute lotura bat euren artean, eta, agian, ez dute zerikusirik orain dela 2-3 urtekoekin. Horregatik erabaki dut azkena egindakoak jartzea ikusgai. Aldaketak denborak markatzen dizkit. Batzuetan, elementua aldatzen duena zerbait nonbait ikusi izana da. Hortik abiatuta, elementu berri bat sortzen dut koadro batean. Horrek eramaten nau hurrengo koadroan beste elementu bat sartzera, eta, ondoren, beste bat, harik eta segida bat dudan arte. Konturatzerako, 3-6 hilabetera, multzo bat izaten dut, aurrez egindakoekin zerikusirik ez duena. Aldaketa horiek zuk zeuk behartzen dituzu, proiektutik proiektura denbora tarteak hartuz? Nahi gabe egiten dut, eta aldaketak bestelako arrazoiengatik gertatzen dira. Bidaia bat egiten duzunean, edo aste batzuk estudiora sartu gabe egoten zarenean, inkontzienteki gertatzen dira aldaketa horiek. Jarraian lanean denbora bat daramazunean, lanak beti izaten du lotura bat. Geldialdi bat egitean, edozein motiborengatik, orduan sortzen da lan berria. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide