(Danbolin.eus)
Bihar, maiatzak 18, udalbatzar berezia egingo dute Zestoako udaletxean, 10:00etan. Hain justu, e
kitatea eta klima aldaketaren inguan herriko ikasleek dituzten proposamenak egingo dizkiete udal ordezkariei. Ekimen hori Eskolako Agenda 21 programaren barruan dago. Komunitatearen partaidetzan oinarrituz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugelaren laguntzarekin, "udalerri bakoitzaren garapen iraunkorrean laguntzen duen heziketa-programa" da Eskolako Agenda 21, eta udalbatzar berezian 2016-2017 ikasturtean ikasleek egindako lanaren uzta jasoko dute. Arroako Herri Eskolako eta Aizarnako Herri Eskolako ikasleak ari dira parte hartzen programa horretan.
Apirilean, Zestoako Eskolako Agenda 21ean murgilduta dabiltzan bi ikastetxeetako ikasleak Arroako Herri Eskolan elkartu ziren. Bertan, ikasturtean zehar ekitatearen eta klima aldaketaren egoera zein den aztertu ondoren proposaturiko hobekuntzen arteko aukeraketa egin zuten. Hala, Arroako Herri Eskolako eta Aizarnako Herri Eskolako adin ezberdinetako zortzi ikasle batzartu ziren Eskolen Arteko Foroan.
Beraz, osteguneko udalbatzar berezi horretan, herriko ikasleen ordezkariek ikasturtean zehar egindako diagnostikotik ondorioztatutako
proposamenak eta konpromisoak aurkeztuko dizkiete udal ordezkariei. Era berean, udal ordezkariek, jasotako proposamenei erantzuna emango diete.
Udalbatzarra herritar guztiei irekia izango da; herriko ikasleek egindako lanaren berri izan nahi duen edonork izango du bertaratzeko aukera.