Egitarau oparoa prestatu du Astindu taldeak datorren larunbateko Herri Azokarako

Zestoako Hitza 2017ko maiatzaren 13a

Iazko Herri Azokako irudia. (Hitza) Zestoako Astindu taldeak Herri Azokaren hirugarren edizioa prest du dagoeneko. Datorren larunbatean izango da egun osoan zehar, baina, aurretik, asteazkenean, Zestoaren etorkizuneko erronkez mahai ingurua izango da Portale elkartean, 19:30ean hasita. Aurretik umeen txanda izango da; izan ere, 17:00etan, 6 urtetik gorako haurrek izan nahi duten Zestoaz hitz egingo dute kiroldegiko aterpean. Larunbaterako egitarau oparoa prestatu dute Astindukoek. Goizetik iluntzera bitartean hainbat egitasmoz gozatu ahal izango dute herritarrek, eta herriko historia ezagutzeko parada ere bai. Egitaraua 10:00. Herri Azokaren irekiera. 11:00. Herri historia azalduz kale buelta Vicente Davilarekin. 13:00. Trikitilarien kalejira. Goiz osoan, herriko artisauen, ekoizleen eta eragileen postuak, bigarren eskuko azoka, Azpeitiko Antxieta Arkeologia taldearen eta Zestoako argazkilarien erakusketak, esatariak eta herrialde desberdinetako jakiak. 16:00. Haurrentzako jolasak eta arropa kustomizazio eta maskara tailerrak. 18:15. Ipuin kontaketa antzeztua udaletxe azpian. 19:15. Mikel Aveiro eta Eukeni Ibarguren txalapartariak. 19:30. Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenak. Zestoa eta Oñati ariko dira nor baino nor.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide