Aratzerrekako sanisidroetako irudia.
Asteburuan abiatuko dituzte San Isidro jaiak eskualdeko hainbat auzotan. Azkoitiko Madariagan, Azpeitiko Aratzerrekan, Getariako Meagan eta Zestoako Arroabean festa giroan murgilduko dira herritarrak gaurtik aurrera.
Gaur arratsaldean abiatuko dituzte jaiak Arroabean eta Aratzerrekan, horiek izango dira festak hasten aurrenak. Esaterako, Aratzerrekan 19:30ean hasiko dituzte sanisidroak, aitzurraren igoerarekin eta txupinazoarekin. Ondoren, 20:00etan, poteoa egingo dute, jai giroan murgiltzen hasteko, eta 21:00etan sabelak betetzeko txanda izango da; mami-jana egingo dute tabernan.
Larunbaterako, maiatzaren 13rako, antolatu dute egitaraurik beteena, Atxue Festieren bueltan. Goizean mendi buelta egingo dute, eta arratsaldean ez da jolaserako tartetik faltako. Bigarren urtez jarraian, aitzurrean altxorraren bila jolasean parte hartzeko aukera izango dute haurrek. Aitzurrean soroan gordetako sariak eskuratzeko aukera emango dute. Horrez gain, aitzurren kirtenen jaurtiketan eta sokatiran aritzeko parada ere izango da larunbat arratsaldean Aratzerreka auzoko sanisidroetan.
Mus txapelketak
Auzoko jaietan ohitura bihurtu dira mus txapelketak, eta astebururako Azkoitiko Madariagan eta Zestoako Arroabean muserako aukera izango da. Madariagan gaur gauean jokatuko da txapelketa Otarren, eta parte hartu nahi dutenek 943-853756 telefono zenbakira deitu dezakete.
Arroabean biharko antolatu dute museko norgehiagoka, 16:00etatik aurrera. Ederki elkartean jokatuko da, eta parte hartu nahi duten herritarrek 15:30ean eman beharko dute izena elkartean bertan; bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte.
Horrez gain, bertso saioa antolatu dute bihar gauerako Arroabean. Igor Elortza eta Alaia Martin bertsolariek parte hartuko dute hitzorduan, eta bertso afariaz gozatu nahi dutenek txartelak salgai dituzte Arroabea estankoan, Keixa frutadendan eta Txomin Enean.
Sanisidroak
Azkoitia-Madariaga
Gaur, ostirala.
- 21:30. Mus txapelketa, Otarren. (Telefonoa: 943 85 37 56).
Bihar, larunbata.
- 11:00. Pilota partidak, marrazki tailerra eta buruhandiak.
- 13:00. Herri kirolak auzotarren artean.
- 14:30. Auzotarren bazkaria.
- 16:30. Umeen jolasak eta merienda.
- 18:00. Giza proba jokatuko du Mendaroko gizon taldeak Koateiko astoaren aurka.
- 19:00. Zelai Luzen animaliekin ume jolasak.
- 21:00. Otarren afaria, 24 eurotan.
Maiatzak 14, igandea.
- 11:30. Meza, auzoan hildakoen alde. Pintxoak egongo dira.
Maiatzak 15, astelehena.
San Isidro eguna.
- 11:00. Meza. Pintxoak egongo dira.
Azpeitia-Aratzerreka
Gaur, ostirala.
- 19:30. Aitzurraren igoera eta txupinazoa.
- 20:00.Poteoa.
- 21:00. Mami-jana tabernan. Ondoren, Eneko Arbeo Antxumarri eta Aritz Garmendia soinujoleen saioa.
- 03:00. Baratzuri-zopa jana.
Bihar, larunbata. Atxur Festie.
- 09:30. Suziriak.
- 10:00. Mendi buelta, Izazpi-Paotxeta-Samiño.
- 17:00. Zezen jolasak, Lopeneren zezenekin. Jabier Niño de Ibarrolari omenaldia ere egingo diote, mototsa moztearekin batera.
- 18:30. Atxur Festie. Umeentzat jolasak: aitzurrean altxorraren bila, aitzur kerten jaurtiketa eta sokatira.
- 19:30. Triki-poteoa.
- 21:00. Auzo-afaria, Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos soinujoleak girotuta.
- 01:00. Lehiaketa xelebrea: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan. Saria: 30 euro eta dozena bat arrautza.
- 03:00. Baratzuri-zopa jana.
Maiatzak 15, astelehena. San Isidro eguna.
- 10:00. Suziriak.
- 12:00. Meza nagusia.
- 13:00. Pilota partida, Ilunpeko pilotariekin.
- 14:30. Bazkaria.
- Arratsaldean, Eneko Arbeo Antxumarri eta Attola soinujoleak.
- 20:30. Aitzurraren jaitsiera, eta festen amaiera.
Getaria-Meaga
Bihar, larunbata.
- 23:00. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.
Maiatzak 14, igandea.
- 12:00. Meza.
- Ondoren, Gure Txeru dantza taldearen emanaldia, eta gero, sagardoa eta txerriki erre
dastaketa.
Maiatzak 15, astelehena. San Isidro eguna.
- 11:30. Meza eta prozesioa.
- Gero, auzoko adinekoentzat hamaiketakoa eta bazkaria.
- Ondoren, txakolina eta txerriki erre dastaketa.
- 23:00. Erromeria Ansorregi eta Larrañaga trikitilariekin.
Zestoa-Arroabea
Gaur, ostirala.
- 19:00. Sagardo dastaketa trikitilariekin, frontoian.
- 21:30. Naiala magoaren ikuskizuna, Ederki elkartean.
Bihar, larunbata.
- 16:00. Mus txapelketa. Izen-ematea, 15:30ean, Ederki elkartean (20 euro da bikoteko).
- 17:30. Haur jolasak eta merendola.
- 19:30. Trikipoteo herrikoia.
- 21:00. Bertso afaria, Igor Elortza eta Alaia Martin bertsolariekin. Afarirako txartelak salgai daude Arroabeko estankoan, Keixa frutadendan eta Txomin Enean.
- Ondoren, DJ festa.