Txapelketaren aurkezpena gaur egin dute Zestoako bainuetxearen atarian. (Danbolin.eus)
Gaur, asteazkena, goizean aurkeztu dute Urolako Erremonte Txapelketa Aceites Sandua Sari Nagusia Zestoako bainuetxearen atarian. Han izan dira Zestoako alkate Josetxo Mendizabal, Aizarnazabalgo alkate Mari Karmen Arregi, Zestoako bainuetxeko ordezkariak eta Oriamendi 2010 erremonte enpresako kideak.
Lau bikotek parte hartuko dute txapelketan: Urrizak eta Barrenetxea IV.ak; Utergak eta Etxeberria III.ak; Segurolak eta Endikak; eta Etxeberria IV.ak eta Ionek. Txapelketan eskualdeko hainbat pilotarik parte hartuko dute; izan ere, Segurola aizarnazabaldarra da, Etxeberria IV.a urrestildarra eta Ion azpeitiarra.
Finalaurreko partida ostiralean jokatuko dute Aizarnazabalen. Partidak 22:00etan hasiko dira, eta 35 tantora jokatuko dituzte. Honako hauek izango dira partidak: Urriza eta Barrenetxea IV.a Utergaren eta Etxeberria III.aren aurka; eta Segurola eta Endika Etxeberria IV.aren eta Ionen kontra. Bi partida horietako bikote irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finala hilaren 19an, ostiralez, Zestoan.
Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak adierazi du "oso gustura" daudela, finala Zestoan izango delako. "Erremontea oso kirol ikusgarria da, eta, gainera, Zestoa ezagutarazteko aukera polita dela iruditzen zaigu. Zestoara Turismoa erakartzea da gure helburuetako bat, eta hau aukera polita da horretarako", esan du Mendizabalek. Jaione Egiguren Zestoako Bainuetxeko ordezkariek ere hartu du hitza, eta hark esan du toki askotako joaten dela jendea bainuetxera. "Iruditzen zaigu gure herri kirol guztiak oso ikusgarriak direla turistentzat eta erremonteko partidak aukera polita izango dira kanpotarrek gure kiroletako bat ikus dezaten". Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak, berriz, finalaurrekoa herrian jokatzea "ohorea" dela jakinarazi du. "Aizarnazabalen beti izan dira erremontean aritu diren pilotariak, eta guretzat ohore handia da Beñat Segurola herriko pilotariak jokatuko duen finalaurrekoa gure herrian izatea".