Historiaurrean Gipuzkoan bizi izan ziren hartzen garezurrekin erakusketa zabaldu dute Ekainberrin

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 9a

Historian zehar hartzak Gipuzkoan izan duen presentziari buruzko erakusketa ikus daiteke Zestoako Ekanberrin, ekainaren 30era bitartean. Gordailuak eta Donostiako San Telmo museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta Historiaurrean bizi izan zen Ursus deningero/Ursus spelaeus hartzaren garezurra ikus daiteke, besteak beste. 200.000 urte ditu buru-hezurrak, eta arduradunen arabera, egoera "oso onean" dago. Atzo eman zuten prentsaurrekoa Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendariak, Juanjo Aranburu Ekainberriko kudeatzaileak, Aritza Viilaluenga erakusketaren komisarioak eta San Telmo museoko zuzendari Susana Sotok. Gipuzkoak duen geologia kastikoak hezur-gorpuzkinak ondo mantetzen lagundu duela azpimarratu dute arduradunek, eta azaldu dute Gipuzkoan hiru hartz espezie bizi izan zirela. Gorpuzkin zaharrenak Ursus deningeri hartzarenak dira, Arrasateko Lezetxiki koban aurkitu dituzte. 240.000 urte dituzte. Era berean, adierazi zuten hartz arrearen "gorpuzkin urriak" duela 10.000 urtekoak direla. Gordailuak duen Gipuzkoako hondarea zabaltzeko asmoz, hainbat erakusketa eta ekimen egingo dituzte aurrerantzean, eta Ekainberrikoa da lehenengoa. Prentsaurrekoan, gainera, adierazi zuten hurrengo urtean Ice Age Europe Meeting ekimena egingo dutela Europako beste hainbat museorekin batera, Ekainberrik antolatuta. Ekainberriren webgunea berritu dutela ere aipatu zuten; erresoluzio handiagoa duten irudiekin eraberritu dute atari digitala.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide