Ama birjinaren ileorde bitxia

Ainitze Agirrezabala 2017ko apirilaren 26a

Zestoako Akoa auzoan Kontzesioko Ama Birjinari eskainitako ermita dago. Bailarako azken baserria da Zubigoena, eta hango Manoli Eizagirreren ilearekin egindako ileordea du jantzita birjinak.

Manoli Eizagirre Kontsezioko Ama Birjinaren ondoan. (Ainitze Agirrezabala) Akoa eta Aizarna lotzen dituen galtzadan bada Kontzesioko Ama Birjinari eskainitako ermita bat. Hiru eskailera maila igota burdinezko barra lodidun atea eta bi leiho ditu, eta haietatik barrura begiratuz gero, aurrez aurre ikus daiteke aldarean ama birjina, gasezko soineko txuria soinean eta zeruaren koloreko kapa urdina gainetik. Apaingarri moduan belarritakoak ditu, eta gaztaina koloreko adats luzea. Kontzesioko Ama Birjinaren ileak, ordea, istorio bitxia du oso. Izan ere, Akoa bailarako Zubigoena baserrian jaio zen Manoli Eizagirreren (Akoa, Zestoa, 1955) biloarekin egindako ileordea du buruaren estalki. Eizagirretarrak, sakristau Zestoatik abiatu eta Akoa zeharkatuta, bailarako azken baserria da Zubigoena. Handik oinez, maldan gora, bost minutuan iristen da ermitara. Baserria Kontzesioko Ama Birjinaren magalean egonik, eizagirretarrak arduratu dira urteetan ermitaren mantenuaz. Zubigoenan dute, hain zuzen ere, ermitara sartzeko giltza. Eizagirreren esanetan, beraiek egin dira kargu "ermita garbitzeaz, eta, aldian behin, lurreko egurrari argizaria emateaz;?baita mahai-zapiak eta ama birjinaren arropa garbitzeaz ere, eta handik pasadan. Horrez gain, Kontzesioko Ama Birjinaganako debozioz ermita barrura jendeak botatako sosak jasotzeaz eta Aizarnako apaizari emateaz ere arduratu izan gara". Ama birjina Zestoako lurretan dagoen arren, izatez Aizarnakoa dela kontatu du Eizagirrek. Manoli Eizagirre-eta dozena bat anai-arreba dira;?lau neska eta zortzi mutil. Senideetan zazpigarrena da bera. Garai batean, egunero, mahaiaren bueltan hamabost lagun elkartzen zirela dio; izan ere, gurasoez gain, osaba mutilzaharra ere beraiekin bizi zen. Bederatzi baserri ziren bailaran [gaur egun hamar dira], eta "guztietan familia handiak" zirela gaineratu du. Bederatzi baserrietako akoarrak kontatuta, "ziento bat baino gehiago ginen". "Ama birjina itsusia" Ermita Zubigoena baserritik hain gertu egonik, sarri joaten ziren hara:?"Mojen eskolan ikasi nuen, Zestoan, eta oinez egiten genuen joan-etorria. Baina, arratsaldean, eskola bukatzean, beti izaten zen zeregina baserrian. Gure ardiak etxekonekoen lurretan sartu zirela-eta, askotan etortzen ginen ermita ingurura. Eta ahizpen artean sarri komentatzen genuen erdi broman ama birjina itsusi samarra zela". Gerora, Eizagirrek 18 urte inguru zituela, bere adats luzea moztu zuen, eta hari kendutako ilea ama birjinaren burusoila estaltzeko baliatu zuten:?"Azpeitian moztu nuen ilea, Artzubian zen ile-apaindegi batean, eta zaborretara bota ordez, ileordea egin zuten. Kontserbatzeko produktu berezi bat eta guzti eman zioten,  eta zenbat ez dut gogoan, baina badakit ileorde hura asko ordaindu nuela. Garai hartan, Zestoako Zunzunegi janari-dendan egiten nuen lana, eta han irabazitako soldatarekin ordaindu nuen. Pena ederra eman zidan!". Hasiera batean, moztutako adatsa "oroigarri moduan" gordetzeko egin zuen  ileordea Eizagirrek, baina etxean kaxoian itzalean gordeta izatea baino erabilpenen bat ematea hobe zela iritzita, ama birjinari jartzeko konbentzitu zuen ahizpa Rosaritok Manoli. Proposamena ez zitzaion desegokia iruditu azken horri, eta ordura arte burusoila zen ama birjinari apaingarri moduan jarri zioten Manoli, Kontxi eta Rosario ahizpen artean. Ermita bisitatzeko ohitura Eizagirre Azpeitira ezkondu zen, eta azken 40 urteak bertan daramatza, baina abagunea duen guztietan aprobetxatzen du jaiotetxera bisita egiteko. Gaur egun ere familia handia bizi da Zubigoenan; bederatzi lagun, alajaina. Manoliren bi anaia ezkongabe, anaia zaharrena emaztearekin, haien bi seme, alaba senarrarekin eta horien urtebeteko semea bizi dira bertan. Eizagirreren esanetan, baserrian bazkariren bat dutenean eta familia guztia elkartzen direnean, senideek eta haien seme-alabek ohitura dute bailaran zehar mendi bueltatxo bat egiteko, eta pasadan ermitan geldialditxoa egiten dutela dio. "Ahizpa zaharrenarekin etorriz gero, berriz, ez gara joaten Agur Maria bat errezatu gabe". Garai batean, urriaren 12an ematen zuten meza Kontzesioko Ama Birjinaren ermitan, baina badira urte batzuk ohitura hura galdu zela.  Orain, urtean behin bailara hasieran dagoen Santakutz Txiki ermitan ematen dute meza, maiatzean. Elizak, parrokiak eta ermitak ugariak dira bazter hauetan, baina santu edo ama birjina gutxi izango dira, edo bat bera ere ez, ile naturalarekin egindako ileordea soinean dutenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide