Usurbilgo elizako erlojua, Yeregitarrena, konpontzeko prest jarrita. (Berria)
"Erloju faltarik ez zegoen lehendik ere". Baina erloju batzuen helburua ez da izaten ordu zehatza jakinaraztea. "Garai bateko altxorra berreskuratu nahi izan dugu guk". Jon Egiguren (Aizarna, Zestoa, 1949) pasioz ari da bizitzen Aizarnako Santa Engrazia ermitako erloju zaharraren konponketa. "Tximistaren batek-edo jota", bizpahiru urte bazeramatzan erlojuak orratzik mugitu ezinik. "Eta Xabier Alvarez Yeregik esan zigun hura konpondu beharra zegoela". Yeregitarrek egindakoa da erlojua. "Eta, Xabierren zuzendaritzapean, lantalde bat sortu genuen lanei ekiteko". Auzolanean.
Zortzi bat lagun elkartu, joan den irailean lanean murgildu, eta Zestoako Lasao enpresan daukate egun erloju zaharra. "Mekanikoki prest dago", azaldu du Egigurenek. “Baina elektronika probak egitea falta zaigu oraindik”. Kaxa elektriko-elektronikoa itsastea. Martxo amaieran erakusgai jarri zuten Zestoako kultur etxean, eta, orduari egunik jarri ez badiote ere, maiatz amaierarako itzuli nahiko lukete erlojua Santa Engrazia ermitara.
1914an iritsi zen erlojua Aizarnako ermitara, eta hiru zatitan banatuta dago egitura nagusia: erlojua bera edo denbora zehazten duen pisua dauka ezkerraldean, angelus doinua martxan jartzen duena erdian, eta kanpaia joarazten duena eskuinean. Izatez, mekanikoa du funtzionamendua. "Eta Santa Engraziako bentako gizona hiru egunez behin joaten zen erlojuaren giltzari eragitera". Orduko baliabideei helduta, 80ko urteetan automatizatu egin zuten erlojua. "Harriak altxatzera joan beharrean, motor batzuek egiten zuten lan hura". Baina motorrak ere hautsi ziren, eta egungo teknikak baliatuko dituzte orain, "erlojuaren berezko egituratik kanpo", motor txiki batekin funtzionamendua bermatu eta geldirik zegoen "altxor preziatua" martxan jartzeko.
Unai Zubeldiak egindako erreportaje osoa,
Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.