Aritz eta Jose Antonio Azpiazu anaiak, eta Julian Serrano Zestoako organista. (Ihintza Elustondo)
Zestoako Jasokundeko Andre Mariaren parrokiako organoari bizi berria ematen ari dira Aritz eta Jose Antonio Azpiazu anaia azpeitiarrak. Musika tresnaren pieza guztiak desmuntatu dituzte, behar dituzten konponketak egin, eta gero berriro muntatzeko. 1928an Rafael Puignauk eraikitako organoa da, egile horrek egindakoen artean kontserbatzen den bakarra. Anaien arabera, jatorrizko instrumentuaren ezaugarriak mantenduko dituzte, "aldaketa handirik egin gabe".
Organoa erabat hondatuta ez bazegoen ere, jada antzeman zitezkeen "zenbait akats", Julian Serrano Zestoako organistaren arabera. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko idazkaria ere bada Serrano, eta erakunde horrek eskatu du organoa konpontzea. Prozesu horren gastuez, berriz, Eliza arduratuko da.
Hiru fasetan egingo dituzte konponketak. Lehenik, hauspoei larru berriak jarriko dizkiete, hondatuta daudelako. "Hauspoak organoaren birikak dira. Denborarekin haien larrua usteltzen joaten da, eta soinuak aldatzeko joera hartzen du. Horregatik, tarteka, aldatu egin behar izaten dira", azaldu du Aritzek. Gero, pipiak jota dauden elementuak garbituko dituzte, eta horren aurkako tratamendua emango diete. Jarraian, hodiak garbituko dituzte, eta, azkenik, instrumentua harmonizatu eta afinatuko dute.
Duela hiru aste hasi ziren konponketa lanekin, eta ekainean amaituko dituztela aurreikusten dute. Amaitzean, inaugurazio kontzertua egingo dute.
Gurasoen bideari segika
Organoak konpontzen aritzea ez da gaur egun lanbiderik ohikoena. Azpiazu anaiak zeregin horretan aritzen diren bakarrak dira Gipuzkoan, eta, azaldu dutenez, Espainia osoan bost organo enpresa inguru izango dira. Lanbide berezia den arren, badu azalpenik bi anaiek hartutako bideak.
Gurasoengandik datorkie Azpiazu anaiei organoekiko zaletasuna. Izan ere, Azpeitiko OESA organo enpresan ezagutu zuten elkar haien gurasoek. Lantegi hura itxi zenean, haien aitak Jose Antonio Azpiazu izeneko tailerra sortu zuen, eta haren bi semeek hark hasitako bideari jarraitzen diote.
Lehen "mugimendu gehiago" zegoen arren, lana badutela diote bi anaiek. Baina, hori bai, Euskal Herritik kanpora joan beharra suertatzen zaie sarritan: Galiziara, Perura... Oraingo honetan, behintzat, etxetik gertu daude, eta, horregatik, "gustura" daude Zestoan.
Organoak konpontzeaz gain, eraiki ere egiten dituzte, baina berriak gutxi saltzen direla diote. Horregatik, organoak Europa erdialdean erosi eta horiek zaharberrituta saltzen ere hasi dira.
Aritzen arabera, "Euskal Herriari eta euskarari lotutako" instrumentua da organoa. Izan ere, haren esanetan, organo egile eta organista asko izan dira inguruetan. Baina, musika tresnak behar bezalako aitorpenik ez duela jaso uste du. "Organo onak Gipuzkoan daude, organista onak ere bai, baina herritarren artean ez dago kultura hori. Elizaren barruan egon ohi dira organoak, eta eliza boikotatzen du jendeak. Uste dut lotura horren ondorioz ez dagoela organoaren kultura hedatuta».
Azpiazu anaien esanetan, musikarako kultura gutxi dago Euskal Herrian, eta organoaren ingurukoa, are gutxiago. Aldiz, Europa erdialdean musika tresnak beste balio bat duela azaldu dute. "Europa erdialdean mugimendu handia dago; kontzertu handiak egiten dituzte, eta badago jendea organoa jotzetik bizi dena". Kultura hori hemen ere hedatzea gustatuko litzaieke Azpiazu anaiei.