Iker Azagirreren IRITZIA: "Urola Erdiko Mankomunitatea, norabide okerrean eta errekorteak eginez

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 24a, 11:22

Udalerri bakoitzak bere hondakinen bilketa sistema aukeratzeko ahalmena zuela eta, 2014. urtean Azpeitiak izan ezik, Urola Erdiko Mankomunitateko udalerri guztiek –seik– erabaki zuten sistemak aldatzea. Sistema bakoitzak bere berezitasunak zituen, baina helburu bat: gaikako bilketa tasa esanguratsuak lortzea (%70etik gora). Hondakinen bilketa zerbitzua sortzaileekiko zuzenagoa bihurtzea eta hondakinen sortzailea identifikatu ahal izatea bultzatzen zituzten sistemak ezarri ziren Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Bidanian, Errezilen eta Zestoan. Zerk eraginda? Batetik, 1970. hamarkadan hasi eta gaurdaino Europa eta nazio mailan garatzen joan diren araudiek, hondakinen kudeaketa egoki batek gutxieneko zerbitzu batzuk eman behar baititu; eta, bestetik, hondakinak sailkatu gabe jasotzeak eta zabortegira edota errauskailu sistemetara isurtzeak udalerrientzat dakarren etengabeko kostuen igoera jasangaitza bihurtzeak. Gaikako bilketa tasa esanguratsuak lortzeko (%70etik gora) eta hondakin sortzaile guztiei (herritar, saltoki, industriagune eta erakunde) zerbitzu osoa eta kalitatezkoa eman ahal izateko egiturazko zerbitzu batzuk identifikatu zituen 2015ean mankomunitateak. Beste modu batera esateko, bilketa sistema berrien hasierako inplementazio lanez gain, egunero eman beharreko zerbitzuak, eta, beraz, egiturazkoak diren horiek finkatzen joan dira mankomunitatean. Horien artean, konpost zerbitzua, garbiguneen kudeaketa, industria-enpresekin eta saltokiekin hartu-eman zuzena eta kasuz kasuko kudeaketa zerbitzua, intzidentzien kontrola eta informazioa, sistemen mantenua (hardwarea eta softwarea) eta datuak, eta datu baseen kudeaketa. Gauzak horrela, bilketa sistema selektiboak inplementatzeko, mantentzeko eta hobetzeko saiakerak egiten ari diren herrietan (Aizarnazabal eta Zestoa esaterako) gaikako bilketa tasak %70etik gora kokatu dira 2014ko urteaz geroztik, eta igotzen jarraitzen dute.  Aizarnazabalen, adibidez, %80tik gorako tasara iritsi dira dagoeneko. Azkoitian, ordea, 2014 eta 2015 urteetan egin ziren lanek %70etik gora kokatu zuten gaikako bilketa tasa, baina, ordutik aurrera, udalak zerbitzu guztiak ez eskaintzea erabaki zuen, eta, harrezkero, gaikako bilketa tasa %55era jaitsi da; beherantz doa gaur egun. Zer esanik ez Azpeitiaren kasuaz. Oraindik, kudeaketa berriak eskatzen duen zerbitzurik ez du ezarri, eta gaikako bilketa tasak %40ra iritsi ezinik dabiltza herri horretan. Zer esan nahi du guzti horrek? Hasteko, bada, lortzea posible den %90erainoko gaikako bilketa tasak eskuratzetik oso urruti daudela Azkoitia, eta, batez ere, Azpeitia. Horrez gain, esan beharra dago eman beharreko bilketa zerbitzuak oso eskasak direla orokorrean; batez ere, industriaguneetako enpresei eskaintzen zaiena (udalei ordaintzen dieten tasak kontuan hartuta, apenas ematen da zerbitzurik). Eta azkenik, argi dago kalitatezko zerbitzu bat ez emateak berarekin batera defizit ekonomikoa dakarrela. 12.500 tona inguru hondakin sortzen dira Urola Erdiko Mankomunitateko herrietan urtebeteko epean. Birziklatzen den hondakin bakoitzeko irabaziak izaten ditu mankomunitateak: ontzi arinen kasuan, adibidez, 543 euro/tonako sarrerak izaten ditu; birziklatzen ez dena (errefusa) kudeatzeko, aldiz, diru-galerak; aurtengo zabortegiko isurtze tarifa 173 euro ordaindu behar da tonako, eta kostuak gora egingo du. Egiteko asmoa dagoen errauskailuaren tarifak ez dazkigu momentuz, baina hondakinak zabortegira isurtzea baino garestiagoak izango direla aurreikusten da. Gauzak horrela, gaikako bilketa tasak %40koak edo %70 edo altuagokoak izan, 1,5 milioi eurotik gorako diferentzia izango luke mankomunitateak urtebetean ordaindu beharrekoak, eta hori herritarren hondakin tarifetan islatuko litzateke. Hezitzaileen figura eta errekorteak Sei hezitzaile izan ditu mankomunitateak 2014ko martxoan hasi eta oraintsu arte, eta ni naiz horietako bat. Gure zereginak oso anitzak direla esango nuke, momentu oro eta etenik gabe herritarrei, enpresei eta erakundeei zuzenduta jarduten dugu lanean, eta arestian aipatu ditudan egiturazko zerbitzuak betetzen ditugu. Hondakinen sortzaile, biltzaile, kudeatzaile eta erakunde publikoen arteko zubi-lana egiten dugu. Beste modu batera esanda: batetik, administrazio publikoetan hartzen diren erabakiak eta planak praktikara eramaten ditugu eta herritarrekin eta enpresekin batera errealitatean gorpuztu; eta, bestetik, egunerokoan azaltzen diren dinamikei forma instituzionala ematen diegu, eta agirien eta baimenen bidez, administrazio publikoko eskemetan sartzen ditugu horiek. Azken bi hilabeteetan Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakaritza hartzen ari den erabakiek, ordea, larriki kaltetu ditzake mankomunitatea eta hondakinen kudeaketa zerbitzua. Izan ere, dagoeneko sei hezitzailetatik bi kaleratu ditu mankomunitateak, eta ez dakigu aurrerantzean zer gerta daitekeen. EH Bilduk gehiengoa duen mankomunitateak errekorteen politika aplikatzeari ekin dio, eta honek kinka larrian jartzen du bai Mankomunitatearen etorkizuna eta bai beharrezkoak diren gutxieneko kudeaketa zerbitzua ematea ere. Jakinik hondakinen kudeaketa prozesu gero eta zorrotzagoak izatera behartzen ari dela Europako komunitatea (zabortegientzat eta erraustegientzat baldintza gogorragoak) eta hondakinak berrerabiltzeko sistemak gero eta gehiago saritzen direla ekonomikoki, nora begira dagoen galdetuko nioke Urola Erdiko Mankomunitateari. Eta ez hori bakarrik, hausnarketarako galdera zabalagoak egingo nizkioke EH Bilduk zuzenduta kudeaketan ari den mankomunitate horri: Nola pentsatzen du gizartea jasangarriagoa eta justuagoa den eredu baterantz bideratzea orain arte orain helburuak erdiesteko teknikoek/hezitzaileek herritarrekin batera egindako lanak zalantzan jartzen baditu? Nola eskaini nahi die herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko bat horretan ari diren zerbitzariak kaleratuta? Eta nola pentsatzen du hondakinen zerbitzuek sortzen duten kostuak etorkizuna ez hipotekatzea, inplizituki zabortegi eta erraustegi sistemak defendatzen baditu, eta %40 bilketa tasak izanda, Azpeitiaren kasuan behinik behin?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide