Elkar-ekin eta Astinduko kideak.
Energia enpresa handien "gehiegikerien" aurka eta justizia energetikoaren alde, gaur iluntzean, ordu laurdenez, argia itzaltzeko deia egin dute Azpeitiko Elkar-ekin eta Zestoako Astindu taldeek. 20:00etatik 20:15era, ahalik eta argi gehien itzaltzea dute xede egitasmoaren sustatzaileek. Herrian zehar hainbat suziri botako dituzte argiak itzaltzeko abisua emaneko.
Energia enpresa handiek "sekulako irabaziak" dituzten bitartean, "herritar asko hotza pasatzen" ari direla salatu dute horiek. "Urtero bezala, asko dira elektrizitatearen fakturari aurre egin ezinik dauden eta etxean hotza pasatzen ari diren herritarrak". Bi taldeek emandako datuen arabera, azken urteetan %60 baino gehiago igo da argindarraren prezioa. "2016ko urtarriletik irailera 2 mila milioi eurotik gorako irabaziak izan zituen Iberdrolak. Txanpon beraren beste aurpegian dira Euskal Herrian, urteko hilabeterik hotzenetan, etxea tenperatura egokian mantentzeko arazoak dituzten 300.000 pertsona baino gehiago. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, ahultasun edo energia pobrezian bizi dira gipuzkoarren %19".
Bi taldeetako kideen arabera, energiaren arazoa "oso zabala" da: "Iturri energetikoak kontrolatzeko nahiak sortzen ditu gerrak eta eragiten ditu zenbaezinak diren hildakoak eta errefuxiatuak. Nazioarteko politikan eragiteko gaitasun handia du energiaren sektoreak".
Argiak itzaltzeko deia egin duten lagunek azaldu dutenez, ekoizpenari eta kontsumo ereduari lotutako energiaren inguruko gogoeta ere sustatu nahi dute. "Gure bizitzeko moduari begirada kritiko bat ematea ondo etorriko litzaiguke", azaldu dute. "Ez gara gu izango arazo global hau irauliko dugunak, baina gure txikian, herrian, lan egitearen beharra azpimarratu nahi dugu". Horri lotuta, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten hasiko direla ere jakinarazi dute. Haien asmoa da jada martxan diren proiektuak sustatzea eta berriak martxan jartzea. "Gaia konplexua" dela jakitun izanik, "aldaketarako aletxoa" jartzen saiatuko direla jakinarazi dute Astinduko eta Elkar-ekineko kideek. "Herritarrekin elkarlanean egin nahi ditugu aldaketak herrian".
Ernai eta EH Bildu ekimenarekin bat
Azpeitiko Ernai eta EH Bilduk bat egin dute argiak itzaltzeko deialdirarekin. Ernairen arabera, "kapitalismoak eragindako krisi sistematikoak (tartean, energia krisi itzela) urgentziaz erroko aldaketak behar ditu, planeta eta gizakiaren etorkizuna arriskuan jartzen baititu". Haien ustez, "sektore estrategikoak" herritarren esku egongo diren "Euska Estatua" eratzeak "lehentasuna" izan behar du. "Era berean, herritik bertatik ere alternatiba energetiko desberdinak eraiki, gure etxeetan multinazionalekin ditugun kontratuak eten eta Goiener edo Energia Gara bezalako energia-kooperatibak bultzatu behar ditu", esan dute.
EH Bildu koalizioak, ildo horretan, adierazi du burujabetza energetikoaren bidean "pauso txikiak, baina eraginkorrak" egin daitezkeela. Eredu horretan Azpeitia "eredu" dela azpimarratu dute. Besteak beste, udalak energia berriztagarrien eta burujabetza energetikoaren aldeko pausoak eman dituela eta pobrezia energetikoari aurre egiteko diru laguntzak ematen dituela aipatu dute.
"Hitzak hitzak dira, eta ekintzak errealitate. Arazo larria da energiaren sortze prozesua, arazo larria da energiaren prezioa. Baina bakoitzak geure energia konpainia hautatzeko prozesu sinple bezain konplexuaren bidez eragin dezakegu arazoaren gakoan. Ez gaitzatela engaina, norbanako bakoitzak txikitik eragin dezake. Eman pauso txikiak. Egin ibilbide propioa. Etikoa. Beharrezkoa", adierazi dute.