Hazilan programaren 2. edizioko parte hartzaileak (Argazkia: Azpeitiko Udala)
Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Udalek eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak abian jarritako Hazilan programaren bigarren edizioan 15 gaztek parte hartzen dute. 20 lagun hasi ziren, eta horietatik bostek lana bilatu eta programa utzi beharra izan dute. Programa atal ezberdinek osatzen dute. Lehenengo fasean daude, egun; "Aktibatu" fasean, hain zuzen ere. Bigarren fasean sei hilabeteko lan-praktikak egingo dituzte.
Atzo, Agustin Lizarralde ekonomia eta industria zinegotzia programaren parte hartzaileak eta prozesuaren balorazioa bertatik bertara ezagutzera joan zen. Han izan ziren Javier Zubizarreta eta Joxe Mendizabal Azkoitia eta Zestoako alkateak ere.
Hazilan 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduta dago. Iaz izan zen proiektuaren lehenengo deialdia eta parte hartu zuten 15 lagunetatik 13 lanean daude, gaur egun. Helburua da enpleagarritasuna hobetzea eta, merkaturatzea erraztuz, lan munduan txertatzeko baliabideak eskaintzea.