'Lilitarren ohorea' antzezlana eskaintzen hasiko dira Zestoako Lili Jauregian

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 9a, 12:37

Martxoaren 11tik aurrera hasiko dira antzezlanarekin; 1678. urtera eramango dituzte bisitariak, eta bakarrizketa baten bidez jauregia ezagutuko dute

Maialen Kortadik antzezten du Andre Madalenen papera. (Hitza) Zestoako Lili Jauregira itzuli da Andre Madalen, jauregian bizi izan zen azken familiako burua, eta bere bizitza zeharo aldatuko duen gertaera baten ondoren, ikuslearen aurrean biluztuko da. Izan ere, bisitarientzako Lilitarren ohorea antzezlana eskaintzen hasi dira berriz. Bakarrizketa moduan, Andre Madalenek barruan gordeta izan dituen tristura eta adorea aterako ditu. Bisitariek 1678. urtera bidaiatuko dute, eta etxeko gelak eta aretoak ikusiko dituzte obraren bidez. Martxoaren 11n hasiko dira bisitarientzat antzezlana eskaintzen; irailetik ekainerako tartean, larunbatetan (11:30, 12:30, 16:30 eta 17:30) eta igandetan (11:30 eta 12:30) izango dira saioak. Uztaila eta abuztuan berriz, aurreko ordutegiez gain, asteartetik ostiralera ere zabalduko dituzte ateak, 16:30ean eta 17:30ean. Aldez aurretik erreserba egitea gomendatzen dute, eta informazio gehiago www.lilijauregia.com helbidean edo 943-86 88 11 telefonoan aurkitu daiteke. Zestoako Lili jauregia zaharberritzeko eta museo bilakatzeko lanak amaitu ostean, 2013an hasi ziren bisitak eskaintzen, hango ondarea eta historia ezagutarazteko asmoz. Orduan ere antzezlan baten bidez, Andre Madalenen eskutik ikusten zuten bisitariek jauregia, eta 2015ean estreinatu zuten zestoarrentzat bigarren antzezlana: Lilitarren ohorea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide