Urola Kostako LABek dio ez duela diskriminazio sindikalik onartuko

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 23a

Joan den astean TS Fundicioneseko LABeko langile ohiek salatu zuten langile batek diskriminazio sindikala jasan zuela, eta horregatik egin dute elkarretaratzea eskualdeko LABeko kideek. Haien arabera, "sindikalgintza baliogabetzen" saiatzen ari diren garaiak dira gaur egungoak.

Hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo. (LAB) Urola Kostako LAB sindikatuko ordezkariek diskriminazio sindikalik ez dutela onartuko adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo. Joan den astean TS Fundicioneseko LABeko langile ohiek salatu zuten langile batek diskriminazio sindikala jasan zuela, eta horregatik egin dute elkarretaratzea eskualdeko LABeko kideek. Haien arabera, "sindikalgintza baliogabetzen" saiatzen ari diren garaiak dira gaur egungoak. "Patronalen aldetik jasotzen ditugun lan harreman indibidualizatuen aldarriak, instituzioen konplizitatea, komunikabideen mezuaren erabilerak... Langile mugimenduaren eta kolektibotasunaren zatiketa eragitea dute helburu". Langile mugimenduaren borrokak "kriminalizatzen eta horiei balioa kentzen ari dira eta alferrikako gisa saltzen dizkigute", azaldu dute. "Borrokatzen duenak ezer ez duela lortzen azpimarratzen digute behin eta berriz, eta, gainera, gehiago lanik ez duela bilatuko esaten digute azken kasu honetan bezala". LABeko kideek azaldu dutenez, sindikatu hori aspalditik ari da "sindikalgintza egungo garaietara birmoldatu nahian", eta gauza bat argi dutela esan dute: "Langile antolatuak izan dira eta izango dira etorkizuneko euskal jendarte duin baten ardatza. Egun bizi dugun fasean, indibidualismotik kolektibotasunera salto egin, eta langileen mugimenduaren kohesioa, antolatzea eta indartzea dugu helburu". LABeko kideen arabera, langileria antolatua "karga bat besterik ez" da "ekonomia eta industria politiken helburuak enpresen irabaziak handitzea den momentutik". LABeko kideek diotenez, TSko langileek beren buruak "borrokatzera derrigortuta" ikusi zituzten, eta "borroka duina eta gogoangarria" egin ostean, "borrokan jarraitzen dute" gaur egun. "Langileak antolatzea behar-beharrezkotzat jotzen dugu, eta ez dugu horien lan eskerga kriminalizatzea onartuko, ez dugu onartuko egindako borrokagatik markatuak izatea, eta ez dugu onartuko diskriminazio sindikalik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide