Martxoaren 15ean argia itzaltzeko deia luzatu dute Elkar-Ekinek eta Astinduk

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 22a

Energia enpresa handien "gehiegikeria" salatu eta justizia energetikoaren alde egiteko, martxoaren 15ean argiak itzali ditzaten dei egin die herritarrei Azpeitiko Elkar-Ekin eta Zestoako Astindu taldeek. Bi herrietan ahalik eta argi gehien itzali daitezen da beren helburua, 20:00etatik 20:15etara bitartean. Ekimenaren antolatzaileek salatu dute energia enpresa handiek "sekulako irabaziak" dituzten bitartean, "herritar asko, tartean haurrak, hotzak igarotzen" daudela. Horiek emandako datuen arabera, azken urteetan argindarraren prezioa %60a baino gehiago igo da, baina aldi berean enpresek irabaziak hazi egin dituzte. Iberdrolaren kasuan, 2016ko urtarriletik irailera 2.000 miloi eurotik gorako irabazi garbiak izan zituzten. "Txanpon beraren beste aurpegian, urteko hilabeterik hotzenetan norberaren etxea tenperatura egoki batean mantentzeko arazoak dituzten pertsonak 300.000tik gora dira hego Euskal Herrian, 2008an zeuden pertsonen bikoitza", esan dute. Horrez gain, naturak ematen dituen energia iturriak esku pribatuetan geratu izana eta erakunde politikoen jarrera salatu dute. Gobernuek "neurri egokiak hartzeko ausardirik" ez dutela azpimarratu dute, besteak beste enpresa horiekiko "oso hurbil" daudelako. "Argi dago energiaren arazoa oso zabala dela", esan dute. "Nazioarteko politikan eragiteko gaitasun handia du sektore energetikoak, eta herrien aberastasuna neurtzeko aldagai garrantzitsua da erregai fosilen jabetza, hain zuzen, momentu honetan Errusia eta AEB ek Sirian duten lehiak erakusten digun bezala". Hori guztia kontutan izanda, antolatzaileek beren eremuan energiaren inguruko gogoeta zabaldu nahi dute, ekoizpenari eta kontsumo ereduari dagokionez. "Gure bizitzeko moduari begirada kritika bat ematea ere ondo etorriko litzaiguke". Energia berriztagarrien aldeko apostua egin nahi dute, eta horretarako lan egingo dutela aurreratu dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide