Martxan da bailarako egoera sozioekonomikoa ezagutzeko 'Elkarrekin Eraikitzen' proiektua

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 16a

Bailarako bost ikastetxek hartuko dute parte. (Eneritz Albizu Lizaso) Iraurgi Berritzenek eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek laugarren urtez abiatu dute Elkarrekin Eraikitzen 2016/17 proiektua. Oraingoan, bailarako bost ikastetxek eta 250 ikasle inguruk hartuko dute parte egitasmoan, eta besteak beste 40 eragile baino gehiagok parte hartzea aurreikusten dute. Egitasmoaren helburua da, besteak beste, bailarako egoera sozioekonomikoa gehiago ezagutzea eta ekintzailetasunaren balioak sustatzea. Izan ere, proiektuaren bidez, egoera errealak jorratu beharko dituzte ikasleek, eta horretarako bisitak eta elkarrizketak egingo dituzte bailarako enpresa, talde eta erakundeetan. Irakasleei dagokienez, berriz, irakaskuntza metodologia berritzaileak ezartzeko aukerak eskaini nahi dizkiete, besteak beste, ikasleengan "ohiko irakaskuntzarekin landu ezin diren gaitasun eta balioak sustatzeko". Hala nola, sormena, IKT-n erabilera, komunikazioa, autonomia, iniziatiba eta taldean lan egiteko gaitasunak dira landu nahi dituzten puntuetako batzuk. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengoan hainbat berrikuntza izango ditu egitasmoak, iazko parte hartzaileek egindako ebaluazioetan oinarrituta. Hala, irakasleen gida osatuko dute, web orria berrituko dute eta erronka berriak prestatuko dituzte. Proiektua abenduan hasi ziren mamitzen. Lau saio egin zituzten aurrena, proiektuaren nondik norakoak zehazteko. Lan Taldeen Gidaritza mintegia ere egin zuten saio horietan, eta oinarri teorikoak eta proiektuan zehar sortu daitezkeen egoera desberdinak landu zituzten bertan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide