Hitziturrik Zestoan galdeketa egin ahal izateko sinadurak biltzen jarraitzen du

Zestoako Hitza 2017ko otsailaren 15a

Dagoeneko 373 sinadura bildu dituzte Zestoako herrigunean eta Iraetan. Otsailaren erditik aurrera, Aizarnan, Arroan eta Lasaon jasoko dituzte.

Maiatzaren 7an Zestoan herri galdeketa egin ahal izateko beharrezkoak diren sinadurak biltzen ari da Hitziturri elkartea, eta hango kideek esan dutenez azken txanpara iritsi da bilketa. Hitziturrikoek esan dutenez, "nahikoa aurreratuta" doaz sinadura bilketarekin; izan ere, Zestoako herrigunean eta Iraetan 373 sinadura bildu dituzte. Zestoan oraindik ere jasoko dituzte sinadurak; besteak beste, ostiral arratsaldean eta igande eguerdian Laranjadi plazaren aurrean. Aizarnan, Arroan eta Lasaon otsaileko bigarren hamabostaldian hasiko dira sinadurak biltzen, eta Hitziturrikoek uste dute hila bukatzerako "aise" beteko dutela helburua. Aizarnan otsailaren 23an, arratsaldean, izango dira Hitziturriko kideak, Aranburu landetxearen aurreko jolasgunean. Arroabean otsailaren 24an jasoko dituzte sinadurak, arratsaldez. Talo-jana probestuko dute sinadurak biltzeko. Gainerako tokiak eta egunak zehazteke badituzte ere, aurrerago jakinaraziko dituztela jakinarazi dute Hitziturrikoek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide