Lankide batek "diskriminazio sindikala" jasan duela salatu dute TS Fundiciones enpresako LABeko langile ohiek

Zestoako Hitza 2017ko otsailaren 15a

Enpresa hartako langile ohiek azaldu dute TS Fundiciones enpresa zeneko jabeteetako bat "azpijokoan" dabilela: "TS Fundicioneseko langile ohiak ez kontratatzeko lantegi txiki batzuen gainean presioa egiten ari da".

TS Fundicionesen Zestoako lantegia. (Hitza) Zestoako TS Fundiciones enpresako LABeko langile ohiek salatu dute beren lankide izandako batek "diskriminazio sindikala" jasan duela. Haiek azaldu dute TS Fundiciones enpresa zabalik zegoenean jabe izandako bat "azpijokoan" dabilela: "TS Fundicioneseko langile ohiak ez kontratatzeko lantegi txiki batzuen gainean presioa egiten ari da". Hori azaltzeko duela aste batzuk gertatutako kasu baten adibidea jarri dute mahai gainean LABeko langile ohiek: "Jabe izandako horrek bere beste enpresa bateko hornitzaile bati exijitu dio TS Fundicioneseko langile ohi bat kaleratzea, berarekin lan egiteari utziko dion mehatxupean". Langile ohiek azaldu dute "aurrera" egin eta lanpostu bat lortu nahi dutela "duin bizitzeko". Adierazi dute urteak direla TS Fundiciones enpresa itxi zela, eta gogorarazi dute itxieraren aurrean "etorkizuna eta lanpostuak bermatzeko bideari ekin beste erremediorik ez" zutela izan, "bakarren batek" itxieraren erantzukizuna "langileen bizkarrean" utzi nahi izan zuen arren. LABeko langile ohiek esan dute garai "luze, zail eta gogorrak" izan zirela haiek, baina adierazi dute oraingoak ez direla "samurragoak": "Oraindik kanpoan zain gaudenok, edonoren gisan, aurrera segitzeko lan bila jarraitzen dugu han eta hemen. Guztiok jakitun garen zailtasunekin, gaurko merkatuan tokitxo duin bat egiten saiatzen ari gara". Hala eta guztiz, uste dute "argi geratu" direla garai hartan egindako borrokaren "helburu duinak". "Gutariko batzuk GRI Castings enpresan ari gara lanean eta beste batzuk bertako parte izateko zain gaude. Langileok genion bezala, TS Fundiciones etorkizuna zuen proiektua zela argi geratu da". Langileek, baina, esan dute ez dutela ahaztu sufritu zuten guztia: "Enpresaren itxieraren eta zorrak uztearen erantzule direnen partetik ez ditugu horrelako mehatxuak eta diskriminazioak onartuko". Horrez gain, adierazi dute haiek ez dutela oraindik ondoriorik jasan. "Kalera bota gintuzten jabeek hornitzaileekin, udalekin eta langileekin zorrak utzi zituzten arren, ez dute inolako erantzukizunik hartu edo ondoriorik jasan. Horrela dago legedia". Horri lotuta, azaldu dute kanpaina bat jarriko dutela martxan, "mehatxuekin eta diskriminazioarekin" amaitzeko. "Lehen eta orain duintasunez lan egiteko eskubidearen alde borrokatuko dugu. Eta ez dugu kazikerik onartuko gure eskualdean".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide