Dortsal guztiak salduta, badator II. Kobaz Koba Trail

Zestoako Hitza 2017ko otsailaren 4a

Datorren igandean jokatuko da proba Zestoan. Aurtengoa bigarren edizioa izango da, eta hainbat berrikuntza egin dituzte probaren antolatzaileek. Dagoeneko itxita dago izen-ematea, dortsal guztiak saldu baitituzte.

Kobaz Kobaren antolatzaileak, probaren hasiera eta bukaera lekuan. (Julene Frantzesena) 485 dortsal jarri zituzten Kobaz Koba Trailen antolatzaileek datorren igandean, otsailak 12, jokatuko diren probetarako, eta guztiak agortu dira dagoeneko. Arazik eta Agiro mendi klubak antolatutako probarako izen-ematea itxita dago, beraz. Iazko arrakastari jarraituz datoz aurtengo probak; izan ere, aurten ere Artzei bidea eta Zaldei bidea osatu dituzte antolatzaileek. 17 kilometroko ibilbidea izango da Artzei, eta Zestoan hasi eta bertan bukatuko da. Zaldei bideak, berriz, 25 kilometro ditu, eta hori ere herrigunean hasi eta bukatuko da. Mikel Irure Agiroko kideak esan duenez, ibilbideak "politak" dira, eta, gainera, "hobetu" egin dituzte datorren urtekoekin alderatuz gero. "Zestoa eta Aizarna izango dira tokirik egokienak ikusleentzat, eta Santa Engrazia izan daiteke lasterketako lekurik ikusgarriena". Zaldei ibilbidea edo proba luzea egingo duten parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira; aldiz, proba laburra edo Zaldei egin behar dutenek 09:30ean hasiko dute proba. Antolatzaileek jakinarazi dute 10:15ak aldean iritsiko direla lehen lasterkariak, eta 13:00ak aldera arte korrikalariak iristen joango direla aurreikusten dute. Proba laburraren sari banaketa 12:30ak aldean egingo dute, eta 13:00en bueltan proba luzekoa. Gainera, hainbat zozketa egingo dituztela ere adierazi dute. Proba bakoitzean azkarren helmugaratzen diren hiru emakumeek eta hiru gizonek hainbat sari jasoko dituzte. Aurten, baina, bada berrikuntzarik sariei dagokienez; izan ere, Naturalki Minimal Runner saria erantsi dute zerrendara. Horrenbestez, proba bakoitzean oinutsik edo oinetako bereziekin lehiatzen diren aurreneko bi parte-hartzaileek ere sari bana jasoko dute. Antolatzaileen arabera, 20 bat lagunek eman dute izena Barefoot modalitatean. Egunean, festa ere bai Dagoeneko azken xehetasunak lotzen dabiltza Kobaz Koba Trailen antolatzaileak, eta beste zenbait kontu zehaztuta dituzte. Adibidez, probarako dortsalak datorren ostiralean, larunbatean eta igandean jaso ahal izango dira. Ostiralean eta larunbatean Zestoako Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:30era. Probaren egunean, igandean, berriz, kiroldegian banatuko dituzte dortsalak 07:45etik 09:15era bitartean. Lasterkariei hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete probaren egunean. Besteak beste, bertaratzen direnek tren geltoki zaharrean aparkalekua izango dute, eta korrika egin ondorenean dutxa hartzeko parada ere izango dute hala nahi dutenek, Zestoako kiroldegian edo Iraetako futbol zelaian. Gainera, berrikuntza bat ere izango da: masaje zerbitzua eskainiko dute probaren ostean. Probaren antolatzaileek esker hitzak izan dituzte proba prestatzen laguntzeko prest agertu diren 1oo bat boluntarioentzat. Antolatzaileen arabera, "boluntario horiek egiten dute posible proba". Horretaz gain herriko merkatarien eta eragileen laguntza ere eskertu dute. Kirol proba tarteko, festarako aitzakiarik ez da faltako Zestoan datorren igandean. 10:00etatik aurrera trikitilariek alaituko dute giroa eta jan-edanerako tartea ere izango da, probaren babesleen eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide