Amaitu da 'Txertatu Merkatuan' programaren azken saio teorikoa

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 3a

18 eta 30 urte bitarteko kualifikatu baxuko bost azpeitiarrek, Aizarnazabalgo batek eta bederatzi azkoitiarrek hartu dute parte. Proiektuaren arrakasta ikusita, Iraurgi Berritzen bigarren edizioa martxan jartzeko lanetan ari da.

(Azpeitiko Udala) Txertatu Merkatuan programaren azken saio teorikoa izan da gaurkoan. Parte hartzaileak, Agustin Lizarralde zinegotzia, Javier Zubizarreta Azkoitiko Alkatea eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea bildu eta programaren nondik norakoaz hitz egiten aritu dira. 18 eta 30 urte bitarteko kualifikatu baxuko bost azpeitiarrek, Aizarnazabalgo batek eta bederatzi azkoitiarrek hartu dute parte, eta beren hitzetan, programa "aberasgarria" izan da. Lan munduan txertatzeko zein integratzeko laguntza bat izan dela ere adierazi dute. Azaroan jarri zen martxan proiektua. Lehenengo 32 orduetan 'Egokitu' deituriko motibazio fase bat landu zuten, eta ondorengo 50etan, berriz, trebakuntza saioak. Garbiketa edota administrari perfiletan banatu dira ikasleak eta ikastaro praktikoak egin dituzte. Amaitzeko, nahi eta ahal duenak praktikak egiteko aukera izango du enpresa edota erakunderen batean. Iraurgi Berritzenek, Txertatu Merkatuan proiektuaren arrakasta ikusita, bigarren edizioa abian jartzeko lanetan dihardu eta martxoaren amaieran edo apirila hasieran martxan jartzea aurreikusten dute arduradunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide