Jesus Mujika, Maite Cruzado, Eneko Etxeberria eta Cristina Iturriagagoitia, atzoko aurkezpenean. (Argazkia: Azpeitiko Udala)
Bihartik aurrera, astebetez, Urola Erdia izango da Explore San Sebastian Region turismo bulegoko protagonista. Horrenbestez, gipuzkoarrek bailarako eskaintza turistiko osoa eskuragarri izango dute Bulebarreko bulegoan. Gainera, bihar, 18:00etan Urola Erdia eskualdea eta haren eskaintza osoa aurkeztuko dute bertan. Eta, otsailaren 4an, 12:00etatik 13:00etara, haurrei zuzendutako Ekain abentura egitasmoa eskainiko dute Bulebarrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo eta Kultura Sailak sustatutako
Hamar hilabete, hamar eskualde kanpainaren barruan kokatzen da egitasmoa. Atzo aurkeztu zuten Urola Erdiko eskaintza Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Jexux Mujika Iraurgi Berritzeneko Turismo zuzendariak, Maite Cruzado aldundiko Turismo zuzendariak eta Cristina Iturriagagoitia Explore San Sebastian Region bulegoko zuzendariak.
Eskaintza zabala
Urola Erdiak turismo eskaintza zabala duela begibistakoa da. Gastronomiari, kulturari, naturari, erlijioari, kirolari eta festari lotutako hainbat egitasmoz goza daiteke urte osoan zehar eskualdeko sei herrietan. Eta, gainera, hainbat dira eskualdeko interpretazio zentroak, museoak, santutegi eta elizak, ibilbide kulturalak eta erlijiosoak eta bisita gidatuak.
Aurten, gainera, egitasmo berri batzuk ere jarriko dituzte martxan, eta horietako batzuk nabarmendu zituzten haien antolatzaileek. Besteak beste, Urola Gustagarri Running & Fest egitasmoa jarriko dute martxan Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren egunean, eta bertako produktuekin egindako pintxoen ibilbide gastronomikoa eskainiko dute. Horrez gain, Urola Gustagarriren hainbat edizio antolatuko dituzte hasi berri den urte honetan, eta Azoka Herritiken eta Errezil Sagarraren Azokaren edizioak ere izango direla jakinarazi dute.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak dio Urola Erdia «Gipuzkoaren bihotz berdea» dela. «Gipuzkoaren esentzia da gure eskualdea. Ederraz gain, aberastasun kultural eta natural handiak eta ondare izugarria ditu». Hark dio turismoak herriko ondareari «balioa» ematen diola.
Etxeberriaren aburuz, «parekorik gabeko» eskualdea da Urola Erdia, eta, horretarako, bi sekretu dituztela dio: «Jendea eta ekonomia indartsua». «Mimoz zaintzen dugu industria, horrek langabezia tasa baxuak eta bizi kalitate altua izatea ahalbidetzen duelako. Lehen ere bazen turismoa, baina azken urteotan hasi gara bisitariak gurera ekartzeko lanean serio». Horregatik guztiagatik, nabarmendu du «merezi» duela Urola Erdiko herritarrak eta eskualdea ezagutzea.