Santa Ines festetak murgilduta dabiltza Iraetako bizilagunak atzo goizaz geroztik. Atzo, Santa Ines eguna, Iraetako Pilota Txapelketako finalak jokatu zituzten auzoko pilotalekuan. Hektorrek eta Beñatek Urtziren eta Loiolaren aurka neurtu zituzten indarrak, eta Urtzi eta Loiola nagusitu ziren 22 eta 18. Partida gogorra eta parekatua izan bazen ere, haiek nagusitu ziren.
Finalen aurretik, baina, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak izan ziren jokoan. Arrieta eta Ander Salegiren eta Aitzolen aurka aritu ziren, eta 22 eta 14 nagusitu zen Arrietak eta Anderrek osatutako bikotea. (Pilota txapelketako irudiak:
Danbolin.eus)
Festak ez ziren pilota finalekin amaitu, ordea. Atzo arratsaldean, besteak beste, Binakako Urrezko Aizkolari Txapelketako eta harrijasotze lehiako
proba puntuagarriak jokatu ziren pilotalekuan.
Gaur ere goizean hasi dituzte festetako ospakizunak, eta arratsaldean jendetza izan da Iraetan; izan ere, umeentzako jolasak eta puzgarriak izan dira bertan, eta txokolate beroa hartzeko parada izan dute bertaratutakoek.
Festak ez dira gaur bukatu. Datorren asteburuan ere jarraipena izango dute. Ostiralean, mus txapelketa jokatuko dute. Eta, larunbaterako ere prestatu dute ekitaldirik, hala nola pintxo lehiaketa, bazkaria, futbol 7 txapelketa, afaria eta dantzaldia egingo dituzte.
Hona hemen, atzoko pilota finaleko eta gaur arratsaldeko umeen jolasetako irudiak:
[flickr_set id="72157677718065471"]