Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urrezko aizkolari eta harrijasotze txapelketak jokatu zituzten atzo, zapatua, Iraetan. Santa Ines jaiak ari dira ospatzen auzoan, eta pilotalekuan aritu ziren aizkolariak eta harri-jasotzaileak lanean atzo arratsaldean, 18:30ean hasita. 160 bat lagun bertaratu ziren lehiaz gozatzera.
Eusko Label Binakako Aizkolari Txapelketan, urrezko mailan, aritu ziren Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza Xabier Orbegozo Arria V errezildarraren eta Joseba Otaegiren aurka. Atutxak eta Mugertzak 18 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten lanak bukatzeko, eta bi puntu eskuratu zituzten atzokoan Otaegi eta Arria V.a mendean hartuta.
Urrezko Harrijasotze Txapelketan, berriz, Xabier Peñagarikano aizarnazabaldarrak eta Urtzi Telleria II.ak neurtu zituzten indarrak. Peñagarikanok 63 altxaldi egin zituen, eta, beraz, bi puntu eskuratu zituen atzo Iraetan. Telleriak, berriz, 61 altxaldi egin zituen.
Gaur, igandea, Beizaman jokatu dute Urrezko Aizkora Txapelketako beste proba puntuagarri bat. Juan Jose Azpilikueta eta Eneko Otaño beizamarra Iker Vicenteren eta Ruben Saralegiren kontra aritu dira, eta Vicente eta Saralegi nagusitu dira. Tartean, gainera, harrijasotze txapelketa ere egin dute. Urtzi Telleria II.a eta Jagoba Otaegi aritu dira harria jasotzen, eta Telleria nagusitu da.
Hona hemen atzoko txapelketako irudi batzuk: