Udaletxeko balkoian ikurrina igoko du Udalbatzak. (Onintza Lete Arrieta)
Bihar, urtarrilaren 19an, berrogei urte beteko dira Hego Euskal Herrian ikurrina legeztatu zutenetik. Egun hartan, Zestoako Udaletxeko balkoian ikurrina jarri zuten, eta udalak gogoratu du une horietako irudiak jasota geratu zirela Jesus Izeta Koiote eta beste hainbat herritarrei esker. Horrez gain, orduko udalbatza osatzen zutenetatik honako bost herritar oraindik bizirik daude: Migel Iribar, Antonio Iriondo, Migel Larrañaga, Xabier Unanue eta Patxi Urbieta. Hori hala izanik, udalak urteurrena gogoratu nahi du, eta ekitaldia egingo dute, udalbatzarraren ondoren. Egun hartan "protagonistak" izan zirenak ez ezik, herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara.
Udalak esan du ekitaldi "xumea" izango dela. 19:30ean Udalaren osoko bilkura izango da, eta ondoren, alkateak hitz batzuk esango ditu Udalbatzaren izenean. 1977ko urtarrilaren 17an, ikurrina legeztatu zutenean, grabatutako irudien ikus-entzunezkoa emango dute gero, eta orduko protagonisten aurkezpenarekin. Amaitzeko, duela 40 urte bezela, ikurrina altxatuko du Udalbatzak udaletxeko balkoian.
Udalaren arabera, "egun berezia" izan zen legeztatu zutenekoa, ordura arte, 40 urtez, ikurrinak "etengabeko jazarpena" pairatu zuelako. "Debeku hori zela eta, ikurrina, jende askorentzat, bai abertzale nahiz abertzale ez zirenentzat ere, askatasuna, errebeldia, antifrankismoa eta demokraziaren ikur bilakatu zen", esan dute.