Zestoako EAJren Udal Gobernuaren GUTUNA, parrokiako jaiotza dela-eta

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 28a

Zestoako EAJren Udal Gobernuak honako erantzun hau eman dio EH Bilduk parrokiako jaiotza dela-eta idatzitako gutunari.

Azken egunotan, komunikabe desberdinetan Itziar Elorza EAJ alderdiko zinegotziari buruz atera den informazioaren harira, Zestoako Udal Gobernuak honako hauek azaldu nahi ditu:
  1. Itziar Elorzak 1999 urteaz geroztik jardun du Gabonetako jaiotzaren muntaiaren arduradun lanetan, garai hartako Udal Gobernuak ezarritako antolaketa eta funtzionamendu irizpideen barnean.
  2. 2011-2015 urteen arteko agintaldian hautatu zuten bera zinegotzi (EH Bildu zegoen gobernuan), eta esan beharra dago, ez zela inolaz ere oztopo izan zinegotzi bilakatzea Gabonetako jaioatzaren jarduera honekin jarraitzeko. Hortaz, ohikotasun baten barnean eraman zen jardueraren kudeaketa.
  3. 2016ko otsailean Itziar Elorzari 2015eko Gabonetako jaiotza muntaia egiteagatik faktura ordaintzen dio Zestoako Udalak. Hori ez da berria izan, urteetan zehar hala egin izan delako, eta, paradoxikoki, hori da EH Bilduk komunikabideetan argitaratu duen faktura bakarra.
  1. Faktura guztiak Udal Ogasun Batzordeak baimentzen ditu ordaindu baino lehen.
Horrekin argitu nahi dugu batzorde horietan guztietan EH Bilduko zinegotzi bat presente egoten dela. Bilkura horiek dira informazioa jasotzeko, zalantzak argitzeko eta eztabaidatzeko momentu aproposak. Faktura hori aurkeztu zeneko aktak, ordea, 2016ko martxoaren 10ekoak zehatz esanda, ez du inolako desadostasunik azaltzen batzordeko kideen artean. Gaur egungo Udal Gobernuak lehendik zetozen ekintza eta jarduera asko oinordetzan jaso ditu, eta horiek lehengo gobernuaren pareko antolamendu bidez eman dira. Hortaz, ez du ez hanka ez bururik gaur egungo Udal Gobernua modu horretan zigortzeak, beste agintaldietan egin den legez jokatu duenean. Azkenik, Gabonetako jaiotzako muntaiaren harira, orain arte izan dituen laguntzak jasoko dituela esan nahi dugu. Jarduera kultural, sozial eta artistikoa izanik, ez dago hori desagertzen uzteko asmorik. Adierazpen kulturaltzat jotzen dira pertsonen eta talde sozialen sormenaren adierazpenak, eta gure herria horretara doa, adierazpen kulturalei behar zaien tokia gordetze aldera. Gabonetako jaiotzari ere, noski baietz, eta baita beste adierazpen kulturalen aniztasuna erreparatzen duen jarduera orori. Gabon zoriontsuak opa dizkizuegu, eta ez galdu arren 2016 urte honetako Gabonetako jaiotza!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide