Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoan kulturgune baten "beharra" zegoela ikusita, hainbat herritarrek Portale Kultur Elkartea sortu dute. Hainbat hilabetetako prozesuaren ondotik jarri dute martxan elkartea, eta aurrerantzean Erdi Kaleko Alkorta taberna zenean izango dute bilgunea. Aurreratu dutenez, bazkidez osatutako gunea izango da, eta hainbat balioz bete nahi dute: "Euskaraz hitz egingo duen txokoa, anitza, parekidea, kultura balioan jarriko duena izango da". Finean, "zestoar guztiena" izango dela adierazi dute.
Euren helburuak lortzeko tresna izango da Portale, baina egun "zero puntuan" daude. "Tresna eskuratuta, eraikitzen hasteko garaia da". Ahalik eta pertsona gehienekin eraiki nahi dute gunea: "Badakigu zenbaitek oraindik ez duela oso ondo irudikatuko zer egingo den bertan, baina horixe da hain justu hemendik aurrerako lana; benetan nahi dugun forma ematen hastea txoko honi". Dena den, azpimarratu dute ez dela taberna soil bat izango, eta ekitaldiz, tailerrez, musikaz, hitzaldiz, aurkezpenez eta bazkari-afariz osatu nahi dute txokoa.
Hori guztia aurrera eramateko, "ahalik eta oinarri sendoena" eduki dezaten nahi dute, eta Gabonetan bazkide kanpaina jarriko dute martxan. "Ekarpen ekonomiko bat eskatuko da bazkide egiteko, baina jabetzen gara gure herriak zein egoera bizi duen eta ez dugu ekonomia arazo izaterik nahi Portaleko bazkide izateko. Beraz, bilatuko ditugu egoera hauetarako konponbideak ere inor kanpoan geratu ez dadin".
Portale atarian mahaia jarriko dute abenduaren 24 eta 31 arratsaldean eta abenduaren 26 eguerdian. Bertan, informazioa helarazi eta ekarpenak jasoko dituzte.