Langabezian dauden 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuak —unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa dituztenek— lan mundura sartu daitezen, Hazilan proiektua jarri dute martxan bigarrenez Garapen elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Europako Gizarte Funtsak eta proiektuko hogei kidek. Proiektuaren helburua da 2016-2021 aldian gazteentzako 5.000 enplegu sartzea, eta horietatik %55 emakumeentzat izateko asmoa dute. Urola Erdian,
Iraurgi Berritzen Garapen eta Berrikuntza agentziak emango du proiektua aurrera, eta bertan parte hartu eta informazio osoa jaso nahi duten enpresa eta gazteek
www.hazilan.eus atarira edo 943-85 11 00 telefonora (Sandra Fernandez) jo dezakete.
Iraurgi Berritzenen esanetan, progamak "enpresen benetako premiak" ditu abiapuntu. Izan ere, azken urteetan frogatu dute enpresek pertsona ekintzaileak eta sortzaileak behar dituztela: "Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz".
Era berean, Hazilanek "metodologia berritzailea" proposatzen duela eta "ibilbide pertsonalizatuan" oinarritzen dutela adierazi dute. Gainera, genero-berdintasuna bermatzen dutela azpimarratu dute.