Iñaki Azkuneren 'Zestoaren Historia' ikerlana aurkeztuko dute larunbatean

Zestoako Hitza 2016ko abenduaren 14a

Iñaki Azkunek Zestoaren Historia ikerlana aurkeztuko du larunbatean, hilaren 17an. Historiaurretik hasi eta 1544. urtera arteko historia bildu du Azkunek liburuan; hala nola, Zestoako eta inguruko geologia, Historiaurrea, antzinako historia eta Goi Erdi Aroa eta Zestoa hiribildu bihurtu ondorengo garaia (1383) ikertu ditu. Zestoako Udalaren esanetan, orain arte herriari buruz egin den "historia lan sakonena" da Azkunerena. "Urte franko eman ditu Azkunek Zestoako, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko hainbat artxibotako agirien kopiak biltzen, gure herriari buruzko lehen eskuko albisteak izateko ahaleginean". Ikerketa lanean erabili dituen dokumentu historiko garrantzitsuenak transkribatu ditu, eta aurkibide onomastikoa eta toponimikoa ere prestatu ditu. Aurkezpena Zestoako Udaletxean egingo dute, 11:00etan. Autoreak ez ezik, Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak, Fernando Txueka Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Adiskide Numerarioak eta Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskiden Elkartaren Gipuzkoako presidenteak hartuko dute parte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide