Zestoarrok zortea dugu euskararen arnasgune den herri batean bizi baikara. Euskarak arnas hartzen du gure herrian, beste hizkuntzetara jo beharrik gabe, euskaraz egin dezakegulako ohiko jarduna eta belaunaldi arteko transmisioa ere naturaltasunez gertatzen delako. Euskaraz bizi gara Zestoan, eta Zestoak euskara bizi du.
Halere, ez dezagun ahatz euskararen egoera soziolinguistikoan Zestoa oasi txiki bat baino ez dela. Ez dezagun ahatz euskara hizkuntza minorizatua dela euskararen herrian bertan, gaztelaniaren eta frantsesaren azpian zokoratua. Euskaldun izateak eta euskaraz bizitzeak, hizkuntza handien hiztunekin alderatuz, jarrera kontzientea eta borondate pertsonala eskatzen dizkio euskaldunari egoerarik onenean. Argi izan behar dugu, ordea, euskara euskararen herrian bertan minorizatua izatera iritsi bada, horretarako espreski diseinatutako hizkuntz politikak egin direlako dela.
Euskarak egundaino bizirik iraun badu, hainbatek egunero egindako lanaz bizirik eutsi diolako izan da. EH Bilduko kideok, baina, argi daukagu euskarari arnasa emateko eta biziberritzeko ardura ezin dela herritarren bizkar soilik utzi. Erakunde publikoek erantzukizuna bere gain hartu behar dute, hizkuntza politika aktiboak eta kontzienteak egin.
Horren harira, iragan den azaroaren 24ko udalbatzarrean, Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu ondoren, EH Bilduko ordezkariok azpimarratu nahi izan genuen keinu horiek ez dutela euskararen normalizazioan laguntzen gure hizkuntzaren aldeko neurriekin eta erabakiekin batera ez badatoz. Horren adibide da, eta salatu genuen bere garaian, EAJko Itziar Elorza Kultura batzordeburuak batzorde batean egindako proposamena: liburutegian haurrentzako euskarazko DVD gutxi zeudela-eta gaztelaniazkoak ekartzea. Josetxo Mendizabal alkateak, UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, gaztelaniako gutxienko eskaintza edukitzea babesteaz gain, gaineratu zuen "frantsesez eta ingelesez edukiko bagenitu, oraindik eta hobeto" dela.
EH Bilduk bi gauza argitu nahi ditu. Batetik, udal liburutegian haurrentzako bideo euskarriak euskara hutsean izatearen arrazoia: garbi daukagu euskal kulturgintzak merkatuaren erakusleihoan ikusgarri izateko duen arazoa, euskal produkzioa tanta bat baino ez baita gaztelaniazkoaren itsasoan; liburutegia bezalako zerbitzu publiko batek euskararen presentzia, eskaintza eta erabilera bermatu behar ditu euskal kultur produkzioa herritarrarengana hurbilduz; gaztelania, frantsesa eta ingelesak merkatuan duen presentziak, Josetxo, eskuragarritasuna bermatzen du; gainera, konbentzituta gaude gaurko kultur kontsumoak etorkizunekoan duen eraginaz, eta, horregatik, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu haurren kultur kontsumoaren ohiturek euskara izatea ardatz. Bestetik, garbi daukagu ez dela neutroa zein hizkuntzatan dihardugun, ezta euskararen inguruan zein erabaki hartzen ditugun ere: gure erabakiek hizkuntza bat aupatzen dute eta beste bat edo batzuk alboan utzi, eta, herri ordezkarien erabakiek ere bai, noski; eleaniztasunaren balioa oso presente izanik, ezin dugu ahaztu gaztelaniak, frantsesak edo ingelesak badutela munduan zehar nork hauspotu eta indartu, baina euskara inon izango bada, hementxe izango dela. Larunbatean Berrian Patxi Saezek gogora ekarri digun bezala, "gutariko bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu".
Askotan esaten da euskal hiztunak sentsibilizatzea eta ahalduntzea dela euskarak aurrera egiteko gakoetako bat. Ados egonik ere, gehitu nahi genuke herri agintariak ahalduntzea ezinbestekoa dela. Udal Gobernuan dauden zinegotziek euskararen eta haren arnasguneen garrantziaz, euskal kulturgintzaren balioaz, euskararen erabileran eta bere aldeko lanean eredu izateko daukaten arduraz kontziente ez badira, euskararen aldeko lidergotza hartzen ez badute…… Noiz arte hartuko du arnas euskarak Zestoan?
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide