(Argazkia: Danbolin.eus)
Igandean bukatu zen Zestoako Jubilatuen Astea. Joan den aste osoan zehar hainbat ekintza egin dituzte, hala nola bingo saioa, seiko urre eta eskoba txapelketa, gaztaina-jana eta ibilaldia. Igandean, berriz, meza egin zuten elkartekoak ziren hildako kideen omenez. Ondoren, bazkaria egin zuten 100 lagun inguruk bainuetxean, eta 86 eta 87 urte bete dituzten kideak omendu zituzten.
Antolatzaileek astearen balorazio "positiboa" egin dute. Jubilatuen elkarteko lehendakari Jexux Odriozolak dioenez, "jende gehiago elkartzeko aukera badago ere, garrantzitsuena da ekintzetan parte hartu dutenak oso gustura ibili direla". Elkartearen helburua da "sendotzea eta jubilatuen artean giroa sortzea". Horri lotuta, aurten lehen aldiz, herriko adinekoen bi egoitzetan ekintzak antolatu dituzte, "egoiliarrak integratzeko" asmoz.
Danbolin.eus-en ikus daitezke argazki batzuk.