Gaur, osteguna, bilera irekia egingo dute Zestoako Kultur Etxean, 19:00etan. Astindu elkarteak deitu du batzarra, eta herriko eraldaketa soziala izango du abiapuntua. 'Guztion Zestoa guztion artean' da elkartearen leloa, eta horren inguruan arituko dira, gaur, bileran. Hain zuzen ere, esku artean dituzten proiektuez eta ideiez arituko dira, eta gerturatutakoen ideiak jasoko dituzte.
Zestoako ekonomia sustatzeko egitasmoak nola landu adostuko dute, beti ere, auzolana eta elkartasuna oinarri hartuta. Besteak beste, ikastaroak, mahai ingurak eta azoka desberdinak antolatzeko proiektu zehatzak aurkeztu eta bultzatu nahi dituzte. Astindukoek herritar guztiak gonbidatu dituzte batzarrera: "Txikitik eragitea nahi baduzu, arazo sozialek kezkatzen bazaituzte, eredu berrien inguruan proposamenik baduzu edo besterik gabe esku bat bota nahi baduzu zatoz, ongi etorria izango zara".