San Martin Jaietako Oilasko biltzeko kideak Orioko Loretxu tabernan. (Aiora Larrañaga)
Gaur, azaroak 11, San Martin eguna da, eta eskualdeko hamaika txokotan ospatuko dituzte festak: Aiako Urdaneta auzoan, Azkoitiko San Martin auzoan, Azpeitiko Bustinzuriko Errebalean, Errezilen, Zestoa eta Azpeitiko Lasaon, Getariko Askizu auzoan, Orioko Ortzaika auzoan eta Zarautzen. Beraz, izango da zertaz gozatu asteburu honetan, leku batean ez bada bestean.
Errezilen, herriko festa nagusiak dira sanmartinak, sanantonioekin batera, eta egitarau zabala prestatu dute gaurko. Meza izango da 11:00etan, eta 16:30ean haurrentzat jolasak egingo dituzte. 19:00etan, triki poteoa izango da, eta behin giroan sartuta, txupinazoa botako dute. 20:00etan izango da festei hasiera emateko ekitaldia, eta aurtengoan, azokako emakumeek botako dute suziria. Jon Ziarsolo zinegotziak adierazi duenez, hainbat urte daramatzate lanean, bertako produktuekin plaza betetzen, eta "aitorpena" merezi dute. Horren ostean, japoniar estiloko beste txupinazo bat izango da haurrentzat; barruan opariak dituzten suziriak botako dituzte. Hori amaitzean, herri afaria egingo dute, eta 300 bat lagun biltzea espero dute.
Bihar ere hainbat jarduera izango dira, festa eten ez dadin: bazkaria, mus txapelketa, sagardo eta pintxo dastaketa, triki- kantu-poteoa Haritz eta Janetekin, erromeria...
Baina bestelako jarduerarik ere antolatu dute iganderako. Bailarako pilotariek hainbat partida jokatuko dituzte eskuz, 17:30etik aurrera. Kimuen mailan, Dorronsorok eta Ziarsolok Labakaren eta Altunaren aurka jokatuko dute. Infantilen mailan, berriz, Labaka eta Aramendi Aranzadiren eta Iraetaren aurka lehiatuko dira. Helduen kasuan, lau Errezilgo emakume ariko dira: Zinkunegi eta Uzkudun Urdalletaren eta Aiertzaren aurka lehiatuko dira. Ziarsolok adierazi duenez, emakumeen parte-hartzea "sustatzen" saiatu dira. Eta, azkenik, lau gizonezkok jokatuko dute: San Miguelek eta Uzkudunek Otaegiren eta Aizpururen aurka.
Lasaon, erakusketa
Azpeitia eta Zestoa arteko Lasao auzoan ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Baina, festetako ekitaldiez gain, Santa Engraziko ermitako erlojuaren zaharberritze lanen inguruko erakusketa bat ere antolatu dute, Gureak tailerra zegoen lokalean. Hain zuzen, Yeregui Elkartea ari da erlojua eraberritzen, hainbat herritarren laguntzarekin, eta erloju hori erakusteko eta zaharberritze eta konpontze lanak azaltzeko, erakusketa jarriko dute.
Azpeitiko San Martin egoitzan aste osoa eman dute festa giroan murgilduta, eta gaur, 17:30ean, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleen emanaldia izango da. Bihar emango diote amaiera asteari, egun osoko jaiaren bidez. 12:15ean saloiko dantzak ikusi ahal izango dituzte, Jose Mari Orbegozoren ikasleen eskutik. 14:00etan, egoiliarrek beren familiekin bazkalduko dute, eta horren ostean, 17:00etan, Poxpirekin eta Lajarekin erromeria izango da.
Azkoitian, lasterketa
Ohitura zaharrari eutsiz, Azkoitiko ikastetxeetako ikasleak kanpaia jotzera joango dira gaur San Martin auzoko ermitara. Bihar, berriz, Mikologi elkarteak antolatuta, San Martin mendi lasterketa jokatuko dute, hirugarren urtez jarraian. Zortzi kilometroko proba da, eta 11:00etan hasiko da. Izen-ematea 10:30ean izango da, tindategian, sei euroren trukean. Lasterketa amaitzean, parte-hartzaile guztientzat hamaiketakoa izango da, eta hainbat zozketa egingo dituzte: herriko tabernetan afariak, kirol dendek emandako produktuak eta masajeak hartzeko bono batzuk banatuko dituzte korrikalarien artean.
Egitaraua
Aia, urdaneta auzoa
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, Patata Tortilla Lehiaketa.
- 12:00. Auzotarren arteko herri kirolak: trontza, txinga, sokatira eta beste hainbeste, Laja eta Lutxurdio trikitilariek girotuta.
- 23:30. Erromeria frontoian, Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.
- 00:00. Gure Ximor taberna irekita goizaldera arte.
Bihar, azaroak 12, Oilasko biltze eguna
- Goizaldean hasita, oilasko biltzea baserriz beserri.
- 21:00. Bildutako oilaskoekin afaria Indamendi elkartean.
- Ondoren, erromeria frontoian Izer eta Alabierrekin.
- Gau osoan, Ximor taberna irekita.
Azaroak 13, igandea
-11:30. Meza nagusia.
- 12:00. Eskuz binakako pilota partiden finalak.
- Ondoren, herri kirol saioa. Izetaren eskolako harri-jasotzaileen erakustaldia, eta Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aizkoran. Elizagoien ahizpek girotuko dute saioa.
- 17:00. Idei dema norgehiagoka. Urdanetako Saberriren eta Arroako Etxetxoren idi pareek elkarren aurka lehiatuko dute, 125 kiloko harriarekin 20 minutuko saioa egingo dute.
- 23:00. Erromeria Elizagoien ahizpekin.
- 23:30. Patata dantza Ximor tabernan.
- Ondoren, jaiei bukaera emateko traka zaratatsua.
Azkoitia, San Martin auzoa
Bihar, azaroak 12
- 11:00. III. San Martin Mendi Lasterketa.
Azpeitia, bustinzuriko errebala
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- 22:00etik aurrera, IV Mus Txapelketa Pikua eta Urtzi tabernetan.
Bihar, azaroak 12
- 11:00. Goiz eresia txistulariekin.
- 12:00. Haurrentzat jolasak.
- Ondoren, zezen txikiak eta poniak.
- 15:30. Txokolatada.
- 16:30. Sokamuturra.
- Arratsalde-iluntzean. Triki pintxo potea.
- 21:00. Afaria.
Errezil
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- 11:00. Meza San Martin parrokian eta hamaiketakoa Borondegin.
- 16:30. Haur jolasak.
- 19:00. Triki poteoa.
- 20:00. Txupinazoa azokako andreen eskutik.
- 21:00. Herri afaria Akerrakoen eskutik.
- 00:00. Haurren dantza emanaldia.
- 01:00. Elizagoien ahizpekin erromeria.
Bihar, azaroak 12
- 11:00. Eskola kiroleko saskibaloi partidak.
- 13:00. Bazkaria Letean.
- 16:00. Mus Txapelketa Borondegin.
- 16:30. Haurrentzako zinema Borondegin.
- 18:00. Triki kantu poteoa Haritz eta Janetekin.
- 20:30. Sagardo eta pintxo dastaketa.
- 23:00. Lidia eta Itzeder trikitilariekin erromeria.
Azaroak 13, igandea
- 11:30. Herriko produktuen azoka, gazta eta karta lehiaketa, haur eta helduak epaile ariko dira.
- 13:00. Sari banaketa.
- 17:30. Haurren, emakumeen eta gizonen esku pilota partidak.
Azaroak 20, igandea, Jubilatuen Eguna
- 10:00. Meza parrokian.
- 11:30. Haurren krosa.
- 12:00. Helduen II. Kros Mistoa.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria Borondegin, trikitilariekin eta bertsolariekin. Horretaz gain, baba jate herrikoia Erniopen.
Azpeitia-Zestoa, Lasao auzoa
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- 11:00. Meza nagusia Zestoako parrokiako abesbatzarekin.
- Jarraian, auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa.
- 20:00. Txupinazoa.
- 20:30. Bertso afaria, Andoni Egaña eta Mantxi bertsolariekin.
- Ondoren, Hitzeder eta Txibilter trikitilariekin erromeria.
Bihar, azaroak 12
- 13:00. Umeen txupinazoa eta argazki erraldoia.
- Ondoren, auzoko gaztetxean bazkari magikoa Imanol Ituño magoarekin.
- 17:00. Frontoian haurrentzako puzgarriak eta txokolatada.
Azaroak 13, igandea
- 11:30. Zestoako Idiakaitz Txistulari taldearen kalejira.
- Goizean, Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka.
- 14:30. Bazkari herrikoia.
Getaria, Askizu auzoa
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, txakolin dastaketa eta Jone eta Irati trikitilariak.
Bihar, azaroak 12
- 21:00. Bailarako ezkonduen eta bikoteen afaria.
- Ondoren, Laja eta Narbaizar trikitilariak.
Azaroak 13, igandea
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, herri kirolak: Joseba Ostolaza eta Aimar Galarraga harri-jasotzaileak, eta Zubizarreta eta Bihurri aizkolariak. Ostolatza ahizpak giroa alaitzen.
- Gero, Gorriti eta bere animaliak. Bitartean Jone eta Irati trikitilarien saioa.
Azaroak 19, larunbata
- 21:00. Gazteen afaria. Izer eta Alabier trikitilariekin.
Orio, Ortzaika auzoa
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- 10:00. Meza nagusia San Martin ermitan.
- Jarraian, hamaiketakoa bertsolariekin Oliden jatetxean.
- Ondoren, Toka eta Sagarbiltze Txapelketa.
- 20:00. Batukada herriko plazatik Ortzaikara.
- 21:00. Gabenara erromeri taldearen saioa Olidenen karpan.
- 22:00. Mus txapelketarako izen ematea.
- 22:30. Mus Txapelketa Oliden jatetxean.
- 23:00. Gabenara erromeri taldearen saioa.
- Ondoren, DJ Txabola.
Bihar, azaroak 12
- 05:00. Baratxuri zopa Oliden jatetxean.
- 06:00. Oilasko biltzaileen irteera.
- 17:00. Niko Nok pailazoaren emanaldia eta txokolatada.
- 21:00. Erromeri afaria Olideneko karpan Gari eta Iñaki trikitilariekin. Afarirako tiketak aldez aurretik erosi behar dira. Oliden, Hatoz eta Errusta tabernetan daude salgai 18 euroren truke.
- 01:00. Entre Canyes taldearen kontzertua.
Azaroak 13, igandea
- 11:00. Txakolin dastaketa Olideneko karpan eta asto karrera.
- 12:00. Herri kirol saio mistoa.
- 13:30. Estropada.
- 14:30. Bailarako bazkaria trikitilariek girotuta Olideneko karpan.
Azaroak 19, larunbata
- 21:00. Oilasko biltzekoen afaria Oliden jatetxean.
Zarautz
Gaur, azaroak 11, San Martin Eguna
- Goizean zehar. Ospakizuna egingo dute San Martin baselizan.