Ostiralean hasiko dira sanmartinak Lasaon

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 8a

Hiru eguneko egitaraua antolatu dute festetarako. Ostiralean izango den bertso afarirako, larunbateko bazkari magikorako eta igandeko herri bazkarirako aurrez eman beharko da izena. Gaur, asteartea, da horretarako azken eguna.

Pasa den urtean sanmartinetako erakusketa eta azoka berezia (Nerea Uranga/Hitza) Datorren ostiralean, azaroak 11, hasiko dira San Martin festak Lasaon. Aurten, hiru eguneko jaia ospatuko dute herritarrek, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunotako. Esate baterako, bertso afaria egingo dute ostiralean Andoni Egaña eta Mantxi bertsolariekin, larunbaterako haurrentzat egun berezia prestatu dute, tartean bazkari magikoa, eta igandean, berriz, bazkari herrikoia ospatuko dute. Hiru ekitaldi horietan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena auzotarrekin harremanetan jarrita. Horretarako azken eguna gaur, asteartea, izango da. Bertso afarirako sarrerak 35 euro balioko ditu, bazkari magikorako 10 euro eta bazkari herrikoirako, berriz, 15 euro. Festetako ekitaldiez gain, Santa Engraziko ermitako erlojuaren zaharberritze lanen inguruko erakusketa antolatu dute Gureak tailerra zegoen lokalean. Hain zuzen ere, Yeregui Elkartea, hainbat herritarren laguntzarekin, elojua eraberritzen ari da, eta erloju hori erakusteko eta zaharberritze eta konpontze lanak azaltzeko antolatu dute erakusketa.
Sanmartinetako egitarau osoa Azaroak 11, ostirala. 11:00etan meza nagusia zestoako parrokiko abesbatzarekin. Jarraian auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa. 20:00etan txupinazoa. 20:30ean bertso afaria Andoni Egaña eta Mantxi bertsolariekin. Ondoren, Hitzeder eta Txibilter trikitilariekin erromeria. Azaroak 12, larunbata. 13:00etan umeen txupinazoa eta argazki erraldoia. Ondoren, auzoko gaztetxean bazkari magikoa Imanol Ituño magikoarekin. 17:00etan frontoian haurrentzako puzgarriak, monozikloa, slake eta txokolatada. Azaroak 13, igandea. 11:30ean Zestoako Idiakaitz Txistulari taldearen kalejira. Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka. 14:30ean bazkari herrikoia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide