Urola Erdiko eragileei Etorkizuna Eraikiz proiektua aurkeztu die aldundiak

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 4a

Markel Olano proiektua azaltzen. (Julene Frantzesena) Foru Aldundiak Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzeko martxan jarri duen Etorkizuna Eraikiz egitasmoa aurkeztu zuen atzo Azpeitian. Iraurgi Berritzen garapen agentziak antolatu zuen ekitaldia, eta bertan izan zen Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eskualdeko eragile ekonomikoei azalpenak ematen. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea ere bertan izan ziren, eta hirurek erakundeen arteko elkarlanaren garrantziaz ohartarazi zuten. Haien ostean hartu zuen hitza Markel Olanok, eta Etorkizuna Eraikiz proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen. Proiektuaren xedea da "biharko erronkei aurre hartu eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea tokiko eragileekin elkarlanean". Horretarako, izaera desberdineko eragileen arteko elkarlana bultzatu nahi dute, esperientzia pilotuak martxan jarriz. Ondoren, esperientzia horiek ebaluatzea dute helburu, "arrakasta dutenak politika errealean txertatzeko". Bi zutabe nagusi Etorkizuna Eraikiz bi zutabetan banatu dute, eta horietako bat da GipuzkoaLab. Ardatz hori ekonomia, gizarte eta kultura arloko esperientzia pilotuak martxan jartzeko helburuz sortu dute, eta, batez ere, lau proiektu nagusitan sakondu nahi du aldundiak: langileen partaidetza bultzatzea; enpresetan genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea; adinduen arretarako erreferentziazko zentro bat garatzea; eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia sustatzea. Bigarren zutabea Gipuzkoa Taldean da, eta Olanok azaldu duenez, haren helburua da "Gipuzkoa eta gipuzkoarrok non gauden zehaztea, norabidea adostea eta aurrerapausoak gauzatzea". Horretarako gizarteko hainbat arlotako 60 ordezkarik osatutako taldea martxan dela jakinarazi zuen. Bi zutabe horiek osatzeko, hiru zehar-lerro jarri dituzte: nazioartekotze sareak, ikerguneak eta gizarteratze prozesuak. Ekitaldiaren bukaeran, Etorkizuna Eraikizen parte hartzen ari diren Fornos KMPGko, Mondragon Unibertsitateko eta Berritek enpresako kideek beren esperientziak partekatu zituzten. Hona hemen, argazki bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide