Ekaingo koba, guztientzat ikusgai

Zestoako Hitza 2016ko azaroaren 4a

Madpixel enpresak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Ekaingo haitzuloko margoak digitalizatu ditu. Horrela, edonork eta edonondik ikusi ahal izango ditu duela 14.000 urteko gizakiak hango hormetan egindako irudiak.

Ekaingo koba guztientzat ikusgai da, teknologia berriei esker. Madpixelek, artelanen digitalizazioan munduko lehen enpresak, kobazuloaren barrualdea digitalizatu du, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Horrela, aurrerantzean, edonork edonondik ikusi ahal izango du paleolitiko garaian haitzetan eginiko obrarik garrantzitsuenetakoa. Obra hori gizateriaren ondare da 2008tik, Unescok hala izendatu zuelako. Ekaingo haitzuloa 1969ko ekainaren 8an aurkitu zuten Azpeitiko Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek. Aurkikuntzak biziki harritu zituen orduko espeleologoak, barnealdean gordetzen zuen altxorragatik: duela 10.000 eta 14.500 urte artean egindako margoak, besteak beste. Guztira, 70 animalia irudi daude: 64 margotuak eta sei grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Kontserbazio arrazoiak tarteko direla, baina, Deba eta Zestoa arteko kobazuloa jendearentzat itxita dago 1969tik. Hango altxorraren berri izan nahi zuenak Ekainberri bisita zezakeen orain arte, benetako haitzuloaren erreplika. Margo originalak bertatik bertara ikusteko aukerarik, ordea, ez zegoen. Madpixelek eta Jaurlaritzak garatu duten proiektuari esker, benetako margolanak bertsio digitalean ikusteko aukera izango du jendeak, etxetik mugitu ere egin gabe. Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide