Mendizale amorratuak eta lagun handiak ziren Beñat Arrue (Aizarna) eta Benantxio Irureta (Azpeitia). Mendizaletasunaren pasioak lotu zituen bien bizitzak, baina pasio horrek berak lapurtu zien bizitza bi lagunei. 2001eko urriaren 17an, Pumori (Nepal) mendia igotzen ari zela izotz-jausi batek azpian harrapatu zuen Arrue. Bertan hil zen gazte aizarnarra. Hamabi urte beranduago, maiatzaren 13an, Aneto mendian erori eta bizitza galdu zuen Irureta azpeitiarrak.
Orain, bi mendizaleekin "oroitzeko"
Beñat Benantxio ibilaldi neurtua antolatu dute Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro Mendi Elkarteak eta Zestoako Udalak elkarlanean. "Beti zerbait egitekotan ginen, mendi lasterketaren bat-edo, baina azkenean ibilaldi neurtu bat egitea erabaki genuen. Pentsatu genuen ibilaldi bat gehiago zela Beñaten eta Benantxioren estilokoa. Gustuko izango luketela uste dugu", azaldu du Jon Arrue ibilaldiaren antolatzaileetako batek. Lehen edizio horretara "pertsona dezente" animatuko direla uste du Arruek. Hala ere, aurtengoari begira bakarrik daudela gaineratu du, "ikusiko dugu hurrengo urtean beste bat antolatu edo ez, oraingoz honekin ari gara", esan du.
Azaroaren 13rako, igandea, antolatu dute ibilaldi neurtua, eta, Aizarnatik hasita, 25 kilometro inguruko ibilbidea izango du: "Aizarnatik Hernio eta Gazume mendiak ikusten dira, eta hara jo genuen pentsatu gabe zenbat kilometro izango ziren. Ibilbidea neurtu genuen eta horretxek irten du azkenean, 25 kilometro inguruko bideak". Hain zuzen ere, parte-hartzaileek Aizarna, Benita benta, Gazume, Iturriotz, Altzola eta San Pelaio gurutzatuko dituzte berriro Aizarnara itzuli aurretik. Aizarnako plazatik abiatuko da ibilaldia 07:30etik 08:00etara bitartean, eta ibilbidean zehar ordutegien kontrolak izango dira. Kontrolez gain, jatekoa eta edatekoa ere izango dute parte-hartzaileek .
Ibilaldi amaieran bazkaria egingo dute Aizarnako frontoian. Hasiera batean "ibilaldiko parte-hartzaileentzat bakarrik" egiteko asmoa bazuten ere, pentsatu zuten "bidea luzetxoa egingo zitzaion jendeak ere parte hartuko lukeela bazkarian", eta, azkenean, bazkari zabala egingo dute. Hala ere, ez dute jende pila bat bazkaltzera joatea bilatzen. Hori bai, "datorrena ongi etorria izango da", azpimarratu du.
Ibilaldi neurtuan parte hartzeko
www.herrikrosa.eus webgunean eman beharko du izena hala nahi duenak, azaroaren 10a aurretik. Hala ere, egunean bertan ere izango da aukera izena emateko Aizarnako plazan. Internet bidez izena ematen duenak 10 euro ordaindu beharko ditu, aldiz, ibilaldiko egunean izena emateagatik 15 euro ordaindu beharko da. Bazkarian parte hartu nahi dutenek izena ematerakoan jakinarazi beharko dute . Bazkarirako txartelak 5 euro balioko ditu eta "ostirala arte-edo" erosi ahalko da, antolatzaileek "kalkulatu ahal izateko" zenbat lagun izango diren.
Mendi Astea
Agiro Mendi Elkarteak Mendi Astea antolatu du datorren asterako. Hain zuzen ere,
Beñat Benantxio ibilaldi neurtua aste horren barruan kokatu dute. Azaroaren 8an hasi eta hilaren 13an amaituko da. Mendi Astean, esate baterako, Boliviaren, Mustangeko trekkingaren eta Nepalen inguruko emanaldiak izango dira, herritarren eskutik. Haurrentzako tailerrak eta ibilaldia ere prestatu dituzte.