Zestoako Ekain Guraso Elkarteko kideen gutuna: "Hainbat mamu uxatu nahi genituzke"

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 1a, 17:00

Idatzi honen bitartez eskolako Guraso Elkarteari buruzko hainbat mamu uxatu nahiko genituzke: izugarrizko lana dela, jendea erre egiten dela, ez duela ezertarako balio… Egia da gure lana askotan kanpora begirakoa dela (herriko danborrada, inauteriak…) eta gehiago begiratu beharko genukeela eskola barnera (gurasoen formazioa, seme-alaben prozesuen jarraipena…), baina gure eskuetan dago arazoari buelta eman eta denon artean gure lana ongi bideratzea. Azken finean, gure haurren heziketari buruz ari gara hitz egiten, eta gure aldetik esan dezakegu esperientzia positiboa izaten ari dela, kanpotik ikusten ez den gauza asko ezagutzen baitira. Ikuspegi horretatik abiatuz ekin genion aurreko ikasturtearen bukaeran Txanpinoiko auzolanari: gure umeentzat antolatutako jolas eremu berria. Egitasmo horrek oso harrera ona izan zuen eta oso giro ona sortu zen gure artean. Aurrera begira ere baditugu proiektuak, eta talde handiagoa osatuko dugulakoan gaude. Dakizuen bezala, eskola Herri Hezitzaileen proiektuaren barruan dago eta ikasturte honetarako erronka berri bat jarri diogu geure buruari: eskola handiko jolas-eremu berri bat diseinatu eta auzolanean gauzatzen ahalegindu. Horretarako ezinbestekoa izango da gure seme-alaben iritzia kontutan hartzea eta denon parte-hartzea ziurtatzea. Aurreko guzti horretaz (eta gehiago) hitz egiteko, azaroaren 10ean, 21:00ean, ospatuko dugun Eskolaren Urteko Batzar Nagusira etortzera gonbidatu eta animatu nahi zaituztegu. Bertan, Guraso Elkartearen eskutik aurreko ikasturtean egindakoaren memoria, ikasturte honetako egitekoak eta abar aurkeztuko ditugu. Horrez gain, Guraso Elkarteko karguen iraupenari buruzko hausnarketa ere egin nahi dugu. Konturatu gara bi urte motzegi geratzen direla (lehenengo urtea ikasten eta bigarrena berriei dakigun gutxi hori irakasten pasatzen dugu) eta egokiena hiru urtekoa egitea izango litzatekeela. Gauzak horrela, egungo taldeko partaide batzuk kargua urtebetez luzatzeko prest azaldu dira, eta, borondatez, batzarrean parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Besterik gabe, eta geure seme-alaben heziketa prozesuan lagun izango garelakoan, ea eskolako jangelako aretoa gurasoz betetzea lortzen dugun!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide