Digitalizatu duten margoetako bat. (Eusko Jaurlaritza)
Ekain kobako margoak digitalizatu eta irudi horiek ikusgai jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailak. Paleolitiko garaikoak diren eta 14.000 urte inguru dituzten lanak "erresoluzio altuan" digitalizatu ditu Madpixel enpresak, eta, gainera, mugikorretarako aplikazio bat ere sortu dute. Hala, herritarrek Ekaingo labar-arteak ezagutzeko parada izango dute, margoak kontserba daitezen jendearentzat itxita baitago Ekain.
Gaur aurkeztu dute digitalizazio proiektua Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Koldo Garcia Madpixel enpresako kideak, Marcos Garcia EHUko irakasleak eta Jesus Altuna labar-arteen kontserbazio arduradunak. Haiek jakinarazi dutenez, 20.000ko aurrekontua izan du digitalizazio prozesuak eta webgunea eta mugikorretarako aplikazioa sortzeak.
Garciak esan duenez, margo "garrantzitsuenak eta adierazgarrienak" eskaneatu eta digitalizatu dituzte: "Margo guztiak ez ditugu digitalizatu, baina haitzuloko multzo handienak, tartean hain berezi diren zaldiak-eta, ikusgai daude dagoeneko. Garciaren arabera, lan honi esker herritarrek Ekaingo kobaren barruko esperientzia berezia bizi ahal izango dute. Gainera, haitzuloko gune nagusien 360º-ko ikuspegi interaktiboa.
Madpixelek eskaneatze lanak egiteko Art Gigapixel teknologiaren egokitzapen berezi bat egin behar izan du, "haitzulo barruko irudi-hartualdien beharretara" egokitzeko eta koban ahalik eta eraginik txikiena izateko.
Ekain koba itxita dagoenez, haren erreplika, Ekainberri, eraiki zuten Zestoan 2008an, eta han izango dira ikusgai digitalizatu dituzten Ekaingo margolanak. Joxean Muñozek azaldu duenez, gainera, digitalizazio lana "hobetzeko, zabaltzeko eta sakontzeko" aukera ez dute baztertzen, eta hark jakinarazi du balitekeela Euskal Herriko beste koba batzuetako lanak ere digitalizatzea.
Dagoeneko martxan da
webgunea, eta, prentsaurrekoan esan dutenez, aurki izango da mugikorretarako aplikazioa eskuratu ahal izango da Apple Storen eta Google Playn.
Ekain kobazuloa 1969an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta espeleologia taldeko kideek. Koba hori Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok 2008an.